Zergatik ez da Internet bidezko bozka existitzen (oraindik)?

Zergatik ez da Internet bidezko bozka existitzen (oraindik)? Azken hauteskundeetan hainbatek ezin izan dute bozkatu koronabirusaren ondorioz; noizko Internetez bozkatzeko aukera? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zergatik-ez-da-internet-bidezko-bozka-existitzen-oraindik/@@download/image/elecciones.jpg
2020/07/17
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Azken hauteskundeetan hainbatek ezin izan dute bozkatu koronabirusaren ondorioz; noizko Internetez bozkatzeko aukera?
Zergatik ez da Internet bidezko bozka existitzen (oraindik)?

Teknologikoki Internet bidez bozkatzea posible den arren, egun oraindik ezinezkoa da bozka segurua, pribatua eta manipula ezina izatea. Anonimotasuna mantentzea eta bozkaren prozesua kontrolatzea ez da bere osotasunean posible, eta horregatik, munduko herrialdeek ez dute Internet bidezko bozkarik onartzen, salbuespen bat existitzen den arren; Estonia. Herrialde honek 2005tik eskaintzen du Internet bidez bozkatzeko aukera; bertako herritar guztiak elektronikoki identifikatu daitezke, eta sistemak segurtasun neurri guztiak betetzen ditu. Halere, adituek diote hauteskundeak manipulatzeko arriskua handia dela, baina orain arte ez da gertatu.

Europako gainontzeko herriak ez dira Internet bidezko bozkarekin ausartzen. Arazoa ez da horrenbeste teknologikoa, politikoa baizik; azken finean, paperezko bozekin (teorian behintzat) guztiz bermatzen dira anonimotasuna (eskutitz zuriak kristalezko kutxan nahasten diren unetik inork ezin du jakin bakoitzak bozkatu duena), bozak kontatzeko prozesua (zozketa bidez aukeratutako herritar anonimoak dira zenbatze prozesuaz arduratzen direnak) eta segurtasuna. Aldiz, Internet bidez bozkatzerakoan, softwarearen hackeatzea, bota manipulatzea eta anonimotasuna galtzea errazagoa da. 

Paperezko bozka ez da sistema perfektua, eta ikusi dugunez, azken hauteskundeetan badira beren eskubidea praktikan jartzeko aukera izan ez dutenak, koronabirusaren erruz. Baina indarrean dugun sistema herritarrek kontrolatzen dute, eta horregatik soilik, Internet bidezko bozka baino demokratikoagoa da.