Zera, 36ko Gerrako poeta ezezagunaren doinuak

Zera, 36ko Gerrako poeta ezezagunaren doinuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zera-36ko-gerrako-poeta-ezezagunaren-doinuak/@@download/image/71p11_1.jpg
2007/02/02
erreportajea
Gaztezulo
Zera, 36ko Gerrako poeta ezezagunaren doinuak
Debako Peli Markiegi poetaren lanak musikatu ditu Jokin Lasak, eta "Zera" izeneko diskoa kaleratu du. Lan horretako 11 kantatan, hainbat musikari ezagunen laguntza izan du.

Duela urtebete pasatxo, 2005eko irailaren 25ean, omenaldia egin zioten Deba herrian Peli Markiegi poetari, jaio zeneko mendeurrenean. Omenaldi hartan, Peli Markiegi "Zera" poetaren olerki batzuk abestu zituzten Miquel Samuelek eta Jokin Lasak, eta hain zuzen, kanta horiek hartu ditu oinarri Jokin Lasak “Zera” diskoa osatzeko.

Peli Markiegi joan den mendeko olerkaria izan zen. Ez da bere garaiko beste zenbait olerkari handi (Orixe, Lizardi, Lauaxeta...) bezain ezaguna, baina Jokin Lasaren iritziz, merezi du lekutxo bat horien artean. 1936ko gerrak gogor jo zuen Debako poeta. Markiegiren bi anaia fusilatu egin zituzten, eta patu hari ihes egin nahian, Peli Markiegi Ipar Euskal Herrira joan zen lehenik, eta Argentinara, ondoren. Bertan hil zen 1946an. Horren guztiagatik, Debako Udalaren laguntzaz, diskoa kaleratu du Lasak.

Kaki Arkarazo musikariaren Garate estudioetan grabatu dute diskoa, eta Arkarazok eta beste hainbat musikari ezagunek parte hartu dute lanean. “Oso jende ezagun eta onarekin grabatzeko aukera izan dut (Mikel Abrego, Joserra Senperena, Drake, Jon Elizalde, Jairo Zavala eta Miquel Samuel) eta eskerrak eman behar dizkiot Kaki Arkarazori, berak ja-rri nauelako harremanetan gehientsuenekin. Ekarpena nabaria da, musikari bakoitzak beti bere ukitua ematen baitio edozein kantari”. Zuzenekoetan musikari gehienak ez dira ariko; Miquel Samuelek eta Jokin Lasak eskainiko dituzte kontzertuak.

Markiegiren familiaren laguntza ere izan du Lasak. “Poetaren biloba Willy Berasaluzek utzi dizkigu behar izan ditugun eskuizkribu, argazki, irudi eta abarrak”, azaldu digu Lasak.

Pop kutsua

Musika estiloari dagokionez, doinu lasaiak dira gehienbat, pop kutsukoak. Hala ere, “Errege eguna” kantuak reggae puntua du, esaterako. Olerkien eta musikaren arteko oreka bilatu du Lasak. “Olerki gehienetan, erabiltzen dituen gaiengatik edo, antzematen da halako giro baketsua, baina badago amorrua eta nahi eta ezina ere, “Ama onaren” abestia izenekoan esaterako. Saiatu naiz hori nolabait islatzen”. Debako poeta ezagutzeko modu atsegina dakarkigu, beraz, Lasak.