Zer nahi dute gazteek lana bilatzen dutenean?

Zer nahi dute gazteek lana bilatzen dutenean? Lan ordu luzeak eta kontratatutako enpresari erabateko arduraldia. Horrela ulertzen zen lehen lana. Esfortzu eta dedikazio handiago eta ordu gehiago egiten baziren soldata igoerarekin saritzen zen hori: sekulako kotxea, etxe puska eta apartamentua hondartzan. Hori zein behintzat helburua. Ekoiztu, ekoiztu, ekoiztu eta norbait izan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-nahi-dute-gazteek-lana-bilatzen-dutenean/@@download/image/1*lNQBn8QwZtN1so8YZIZQeg.png
2020/07/03

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Lan ordu luzeak eta kontratatutako enpresari erabateko arduraldia. Horrela ulertzen zen lehen lana. Esfortzu eta dedikazio handiago eta ordu gehiago egiten baziren soldata igoerarekin saritzen zen hori: sekulako kotxea, etxe puska eta apartamentua hondartzan. Hori zein behintzat helburua. Ekoiztu, ekoiztu, ekoiztu eta norbait izan.
Zer nahi dute gazteek lana bilatzen dutenean?

Orain eurak datoz ordea, milenialak eta Z belaunaldikoak. Eta beraientzat ekoiztu eta ekoiztu aritzearena ez da aukera erakargarri bat. Paradigma aldaketa bat dago, egungo gazteek ongizatearen beste ideia bat dute, eta baita hori lortzeko egin behar denaz ere. Gazteek ez dituzte nahi diruagatik euren askatasuna eta hazkuntza pertsonala galdu. 

Belaunaldi erreleboa lan munduan gertatzen ari da, baina beste ikuspegi ezberdin batekin datoz. Askoz ere digitalagoak dira eta honek lan paradigma berri bati hasiera eman dio. Hasteko askok malgutasuna eta etxetik lan egiteko aukerak bilatzen dituzte. 

Gazteak inoiz baino kontzienteago dira ongi egon nahi dutela, eta horretarako ez dela ona egun osoa lanean aritzea denbora librerik gabe. Diruaren gainetik jartzen dute norbere burua, gauza materialen gainetik ongizatea. Denbora lehenesten dute irabaztearen gainetik. Luxua orain lotuago dago esperientziekin eta denbora librearekin. Egindako ikerketa baten arabera, malgutasuna da gazteek lan batean gehien bilatzen dutena, hau da, nahi dutena lana euren bizi estilora txertatzea da eta ez alderantziz. 

Zerk egiten du erakargarri erakunde bat gazteentzat?
Ikasten jarraitzeko aukera izatea da puntu horietako, baita honen estatus soziala ere, lan giroa eta erakunde horrek gizarteri eskaintzen diona. Hauek dira Z belaunaldiarentzat eta milenialentzat punturik garrantzitsuenetakoak Randstad Employer Brand Reserarch 2019 txostenaren arabera. 

Erakundeak prest al daude horrelako baldintzak onartzeko? 
Gauza bat nahi dena da eta bestea aurkitzen dena. Garai berrien hasiera badirudi ere lan munduan, telelanaren onurak frogatu ditugun honetan, oraindik bide luzea dago eskaintzen denaren eta nahi denaren arteko tartea estutzeko. Erakundeen aldetik gazteen nahietara egokitzeko gogoa badago, baina oraindik hanka motz geratzen dira dauden proposamen urriak. Izan ere, erakunde eta sektore bakoitzak bere errealitate propioa du eta ordutegiak malgutzea askotan zaila izan daiteke. 


Indartsu datoz Z belaunaldikoak
Milenialak baino teknologikoagoak dira eta horrek euren nortasuna eta mundua ulertzeko eran eragina du. Internet bidez ikasi duten lehengoetakoak izan dira eta horregatik euren kabuz ikastera ohituta daude, ez dute interes berezirik titulazio ofizialetan. Horrek ez du esan nahi beraien artean talenturik ez dagoenik. Ikasteko modu hau bokazioetan erdiratzen da, euren zaletasun eta pasioetan. Z belaunaldikoek nahiago dute gustukoa duten hori lan bihurtu. 

Gainera, IMF Business School-ek 2019an burututako ikerketa baten arabera, gazte hauek aldaketetara erraztasunez egokitzen dira inongo dramarik gabe. Helburuak argi dituzte, nahiz eta berehala emaitzak nahi izaten dituzten. Hori dela eta, askok euren proiektu propioak sortzen dituzte inoren zain egon gabe. Hain da horrela, ikerketa dioenez gazte hauen %55 euren enpresa propioa sortzean interesatuak daude.

Besteentzat lan egitea aukeratzen dutenek, lan egonkor bat bilatzen dute, segurtasuna emango diena, baina ez du zertan lanpostu finkoa izan behar. Gehiengoak enpresa ertain edo handiak bilatzen ditu, ikasteko eta profesionalki hazteko aukerak ematen dizkienak. Hala ere, nahiago dute erakundek txikietan hasi, euren esperientzia bertan eskuratzeko. 

IMF Business-en txostena amaitzen da esanez Z belaunaldikoak askoz ere solidarioagoak direla beste belaunaldiak baino, krisi garaiak ezagutu dituztelako beharbada. Gazte hauen %26 boluntario moduan aritzen da eta 10etik 6k adierazten dute aldaketa positibo bat egin nahi duela bere inguruan. Hori egiteko, denbora libre gehiago behar dute eta lan ordu gutxiago. Horregatik da malgutasuna horren beharrezkoa. Trukean, prest daude euren lana edozein lekutan eta edozein ordutan egiteko.