Zer jatea eta edatea komeni da ajea saihesteko edo arintzeko?

Parranda handiren bat egiteko eta alkohola edateko asmoa izaten denean, ajea saihesteko edo arintzeko moduak nahi izaten dituzte askok, biharamuna samurragoa izan dadin. Beste ezer adierazi baino lehen, gogoan izan alkoholik edan gabe ere ondo pasa daitekeela, eta alkohola edatekotan, neurritsuak eta arduratsuak izatea komeni dela. Hala ere, noiz edo noiz, behar baino alkohol gehiago edateko asmoa izanez gero, aholku hauek lagunduko dizute.
Edan baino lehen, gantza duten elikagaiak jateak gorputzaren alkohol xurgapena atzeratzen du. Gantz osasungarriak dituzten eligaiak ere badaude, esaterako ahuakatea. Zuntz ugari duten elikagaiek —dilistak, bruselaza—, berriz, alkohola deskonposatu eta xurgatu egiten dute, eta motelago iristen da odolera. C bitamina dutenek, berriz, ajearekin laguntzen dute.
Edaten ari zarela kontuan hartu behar duzu edari guztiek ez dutela era berean eragiten. Edari ilunek kimiko naturalak izaten dituzte eta aje handiagoa sortzen dute. Hori dela eta, ardo beltza, whiskia, tekila, koñaka edota brandya saihestea komenigarria izan daiteke, edari argiagoen, vodka edo ginebra esaterako, mesedetan. Txupitoak edatea dibertigarria izan daiteke, baina litekeena da biharamuneko ajea okertzea. Hobe mugatzea edo saihestea, eta bestelako edariak hartzea.
Parrandak irauten duen artean edari bera hartzea ere gomendagarria da, hartara hobeto kontrolatuko duzu zenbat edaten ari zaren eta sabelari ere gutxiago eragingo dio.
Urak ere badu garrantzia. Alkoholak deshidratatu egiten du eta ura edateak on egiten dio gorputzari, batez ere alkohola kafeinarekin nahastuz gero. Tarteka ura edateak on egingo dizu beraz.
Parrandaren ostean zer egin? Lo egitea lagungarria izaten da, baina alkoholak loaren kalitatean eta iraupenean eragiten duenez, ez da beti erraza izaten. Lehen aipatu bezala, ez ahaztu ura edatea, eta jengibrea, koko-ura, te berdea edo tomate zukua ere onuragarriak dira.
Bestetik, gosari nutritiboa egitea aukera ona da. Karbohidratoa duten eta gantz askorik gabekoak diren elikagaiek sabelean geratzen den alkohola xurga dezakete, eta arrautzek gibela garbitzen lagundu. Elikagai hauek ere balio dute: ahuakatea, oloa, ogi txigortua eztiarekin, platanoa, intxaurra, laranja, sandia, ahabia, almendra... Gainerako otorduetan oilaskoa, izokina, atuna, espinakak, hosto berdeko barazkiak, batata, fideo-zopa oilaskoarekin edota zainzuria jan dezakezu. Hobe osasuntsuak ez diren gantzak, alkohola eta kafeina ez hartzea.
Eta gogoan izan, erremediorik onena alkohola neurrian kontsumitzea edo ez hartzea da.