Zer izan zen lehenago kolorea ala emozioa?

Zer izan zen lehenago kolorea ala emozioa? 1796. urtea zen eta Alois Senefelder bere buruaz beste egitear zegoen. Jateko diru nahikorik irabazten ez zuelako etsita, Bavariako Isar ibaitik botatzea pentsatzen zuen. Ibaiertzeko emarira hurbildu zenean ordea zerbaitek iritzia aldarazi zion: Kare-haitz harri bat topatu zuen, ezagutzen zituen guztietatik ezberdina zena. Orduan ez zekien, baina objektu hori izango zen ondoren etorriko zen material grafiko guztien gakoa, liburu baten azaletik hasi eta zuku baten ontziraino. Litografia jaio zen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-izan-zen-lehenago-kolorea-ala-emozioa/@@download/image/el-color-y-las-emociones-1100x726.jpg
2019/11/05

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

1796. urtea zen eta Alois Senefelder bere buruaz beste egitear zegoen. Jateko diru nahikorik irabazten ez zuelako etsita, Bavariako Isar ibaitik botatzea pentsatzen zuen. Ibaiertzeko emarira hurbildu zenean ordea zerbaitek iritzia aldarazi zion: Kare-haitz harri bat topatu zuen, ezagutzen zituen guztietatik ezberdina zena. Orduan ez zekien, baina objektu hori izango zen ondoren etorriko zen material grafiko guztien gakoa, liburu baten azaletik hasi eta zuku baten ontziraino. Litografia jaio zen.
Zer izan zen lehenago kolorea ala emozioa?

Esan liteke egun ikusten ditugun kolore guztiak, izan mugikor baten funda edo tabako kaxa bat, ibai hartan aurkitutako harriaren oinordekoak direla. Horiek izan ziren teknologia kromatikoen hastapenak.

Eta koloreak emozioak dira, eta alderantziz. Arteak zein publizitateak historian zehar kolorea gure mundu ikuspegia aldatzeko erabili izan du. Ez da harritzekoa koloreak emozioekin lotzea. Tono jakin batzuk, mezu jakin batzuei lotuta joan dira kultura ezberdinetan, eta garaiaren arabera.

Haatik, koloreak gutxi daude, hauek dituzten esanahiekin alderatuz. Testuinguruak ematen die zentzua koloreei, honek esaten digu koloreak momentuan zer esan nahi duen. Baina, zein momentutan bihurtu zen gorria lotsaren kolorea eta berdea inbidiarena?

Dirudienez bi botako asoziazioak egiten ditugu. Lehena, emozioen bidez, ditugun esperientzien bitartez. Bigarrena kulturala da eta gizartearen arabera definitzen da. Bizitzen ditugun jazoera historikoek eta egiten ditugun harremanek eragina izango dute.

Historian zehar koloreak ez dira beti modu positiboan erabili. Batzuetan banatzeko balio dute genero markekin gertatzen den bezala: urdina mutikoentzat, arrosa neskatoentzat. Horrelakoak marketin estrategiek garatutako konbentzio kulturalak dira, ez baitago estandar hauek sostengatzen dituen inongo funtsik.

1793an, Iraultza Frantsesa gertatu eta gutxira, beste iraultza bat gertatu zen: janzteko moduaren askatasuna. Ez baitira bakarrik emozioak, janzteko egunero aukeratzen dugun arropak ere garena islatzen du, baina horretan pentsatzen al dugu janzten garen bakoitzean? Argi dago ezetz, arropa erosten dugunean soilik pentsatzen dugu horretan. Janzterakoan jada kolore paleta aukeratuta dugu eta ez dira guztiak zerbait adierazteko janzten. Okasioak ere badu zerikusia horretan.

Kolorearen industrializazioa
Ostera, ezberdintasuna dago nola kontsumitzen den kolorea egun eta nola egiten zen adibidez, Ilustrazio garaian. Egun koloreak argi igorpenak dira, aldiz iraganean koloreak xurgatuak izaten ziren. Horrela, ohikoa da obra klasiko bat tableta batetik beatuz gero museoan izan ohi duen intentsitatearen zati handiena galtzea.

Gure begiek denborarekin ezberdin kalibratzen ikasi dute. Haatik, edukiera eta koloreen konplexutasuna hautemateko gaitasuna galdu dugula diote aditu batzuk. Pesimismoan erori gabe ordea, esan beharra dago azken 20 urteetan arte eta diseinuaren inguruko kurtso eta formazioak haziz joan direla. Inoiz baino pertsona trebeagoak daude egun, modu ezberdin eta konplexu batean ikusteko gaitasuna dutenak.

Ez da kasualitatea zinema kolorez baliatzea emozioak ikusleengana igortzeko. Horregatik, ezinbestean Kill Bill pelikulan pentsatzen kolore horia datorkigu burura edo Apocalypse Now-an pentsatzean laranja. Eta hori ez da kasualitatea, aldarte egoera jakin bat igortzeaz gain identitate bat ematen baitio filmari.

Koloreak leku guztietan daude, beharbada arazoa hauek interpretatzeko hezkuntza falta dela da. Sortzaileak zergatik erabaki duen tonu jakin bat erabiltzea eta ez bestea jakiteak manipulazioetan ez erortzen lagun liezaguke. Egun irudiek, teknologiak eta iragarkiek dominatzen gaituzte, eskoletan ordea inork ez digu esaten nondik datorren hori guztia, eta behar bada errege eta gobernadoreez hitz egitea bezain garrantzitsua izan liteke.

GOMENDIOA
Abstract: The Art of Design (Netflix)
Koloreez ari garela, Netflixen oraintsu bere bigarren denboraldi estreinatu duen telesail-dokumental hau gomendatu nahi dizut. Bertan diseinatzaile ezberdinak azalduko dira euren lan egiteko moduaz solasean; baina ez hori bakarrik euren sormen prozesuaz eta bizitzaz ere jakin ahal izango dugu. Bertan, arte munduko diseinatzaileek formei eta koloreei ematen dieten garrantzia ikusiko dugu, munduaren ikuspegi interesgarri eta aberatsak eskainiz.