Zein herrialdetan mozkortzen dira gehien?

Zein herrialdetan mozkortzen dira gehien? 2019ko urte amaieran 32 herrialdetako 90.000 pertsonari egindako inkestaren arabera, Eskozia, Ingalaterra eta Australiako herritarrak izan dira urtebetean sarrien mozkortu direnak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-herrialdetan-mozkortzen-dira-gehien/@@download/image/herrialde edan.png
2021/07/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

2019ko urte amaieran 32 herrialdetako 90.000 pertsonari egindako inkestaren arabera, Eskozia, Ingalaterra eta Australiako herritarrak izan dira urtebetean sarrien mozkortu direnak.
Zein herrialdetan mozkortzen dira gehien?

Aurten Oscar saria irabazitako Druk filme daniarrak alkoholarekin dugun harremanaren gaia mahai gainean jarri du beste behin. Global Drug Survey-k  32 herrialdetako 90.000 pertsonari egin zien inkesta 2019ko azaroan eta abenduan, azken urtean zenbat aldiz mozkortu ziren jakiteko, eta aurten kaleratu dituzte datuak. Zein lurraldetan edaten duten gehien eta arazo larriagoak non egon daitezkeen nabarmendu dute inkestaren emaitzek. 

Eskozia izan da zerrendako lehen postuan agertu dena, urtebetean batez beste 33,8 aldiz mozkortu baitziren bertako herritarrak. Ingalaterra ageri da bigarren, 33,7ko batezbestekoarekin, eta hirugarren, berriz, Australia, 31,8 aldiz. Hurrengo biak Danimarka eta Finlandia dira, 31,3 eta 30,4ko datuekin hurrenez hurren. 

Bost herrialde horietatik lauk pare bat ezaugarri dituzte amankomunean: alde batetik, klima hotza dute eta egun eguzkitsuak ez dira oso sarri izaten eta, bestetik, alkoholak toki esanguratsua du bertako kulturan. Finlandian, esaterako, etxean barruko arropa soilik jantzita edaten aritzeko ohitura izendatzeko hitza daukate: kalsarikänni.  

Seigarren postuan Estatu Batuak dago (27,1), eta jarraian Kanada (26,5), Irlanda (25,9), Frantzia (25,9) eta Brasil (21,6).  Ondoren, Belgika (20,9), Suitza (20,5), Balkanak (20,5), Austria (20,5), eta Hego Afrika (20,2) daude. Espainiako Estatua 27 postuan dago, urtebetean batez beste 14 aldiz mozkortuta. Haren aurretik ageri dira zerrendan Suedia, Errusia, Zeelanda Berria, Herbehereak, Norvegia, Eslovakia, Polonia, Hungaria, Alemania, Grezia eta Errumania. Espainiako Estatuaren atzetik, berriz, Italia, Mexiko, Portugal, Argentina eta Kolonbia daude. Azken hau da zerrendaren amaieran dagoena, herritarrek batez beste 6,5 aldiz edan baitzuten behar baino gehiago. 

Inkesta erantzun zutenen artean 21 aldiz mozkortu ziren batez beste urtebetean, eta parte-hartzaileen %16 baino ez da behin ere neurriz kanpo edan ez zuen multzokoa. Generoari eta adinari erreparatuz gero, 25 urtetik gorako emakumezko eta gizonezkoen batezbestekoa 12,1 eta 18,8koa da hurrenez hurren. Adin horretatik azpikoen artean, aldiz, 22,5 eta 27,8. 

Zein da ote da Euskal Herriko batez bestekoa?