Zer gertatzen da pertsona toxikoa zu bazara?

Zer gertatzen da pertsona toxikoa zu bazara? Batzuetan arintasun askorekin esaten dugu beste pertsonak toxikoak direla, baina sekula galdetzen al diogu gure buruari gu ere toxikoak ote garen? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-gertatzen-da-pertsona-toxikoa-zu-bazara/@@download/image/pexels-ufuk-avcuoğlu-14787411.jpg
2024/02/20
Batzuetan arintasun askorekin esaten dugu beste pertsonak toxikoak direla, baina sekula galdetzen al diogu gure buruari gu ere toxikoak ote garen?
Zer gertatzen da pertsona toxikoa zu bazara?

Guk besteei ezartzen dizkiegun marra gorriez hitz egin ohi dugu eta pertsona toxikoak gure bizitzetatik aldentzeko beharraz. Batzuetan arinkeriaz esaten dugu norbait toxikoa dela, baina zenbatetan begiratzen diogu gure buruari? Eta zu bazina marra gorri hori?

Testu honen helburua ez da zu errudun sentiaraztea. Kontua da batzuetan, bereziki garai txar bat pasatzen ari garenean, erraza dela edozein gauza gure burua erasotzeko erabiltzea. Baina, beti dago ondo autokritika bat egitea, ez autosuntsiketa bat.

Konpromiso edo hitzorduak ekiditeko etengabe aitzakiak bilatzen badituzu litekeena da zure buruarekin eta besteekin modu zintzoan ez jokatzea. Eta hori marra gorri oso garrantzitsua da ohiko jokabidea bada eta azken momentuan abisatzen baduzu. 

Ghosting-a ere marra gorri bat da, bai, baita zu baldin bazara egiten duzuna. Oso salbuespeneko egoera behar du izan norbaiti ez erantzutea justifikatzeko. Pertsonaren batekin harreman bat eraikitzen baduzu, gutxienekoa bada ere, azalpen bat merezi du, bestela ez zara maila emozionalean arduratsu jokatzen ari.

Zure harreman guztietan akats berdinak errepikatzen dituzula ohartzen bazara, litekeena da hauek errepasatu behar izatea. Intimitate emozionala sortzea ekiditen duzunetako bazara, litekeena da aurreko harremanetan gaizki pasatu duzulako izatea. Zaila baldin bada ere, beharrezkoa da ohartzea zure iraganeko esperientzien ondorioak ez dituela zure egungo harremanek ordaindu behar. Izan ere, hori zuzendu ezean maite duzun norbaiti mina eman diezaiokezu, zure nahia ez bada ere.

Akatsak onartzeko gaitasun falta ere badago. Pertsona burugogor batekin borrokatu beharra baino gauza okerragorik ez dago. Pertsona hauek ez dira sekula amore emateko gai eta gutxiago euren akatsak onartzeko. Ezinezkoa da benetako harreman bat eraikitzea bi aldeetako batek sekula amore ematen ez badu. Azkenean, norbere akatsak ez onartzea enpatia falta modu bat da.

Pertsona toxikoa zaren edo jokabide toxikoak dituzun baloratzea ez da erraza. Batzuetan jokabide toxikoak egon litezke, baina testuinguruak justifikatzen ditu. Adibidez, behin ezetz esan ondoren ere tematuta jarraitzen duen pertsonari ghosting egitea. Dena den, noizean behin zure jokabideak berrikustea ondo dago, batez ere mundu guztiari marra gorriak jartzen dizkionetakoa bazara.