ZER EGIN IPUIN SEXISTEKIN?

ZER EGIN IPUIN SEXISTEKIN? Orain dela gutxi irakurri nuen Bartzelonako eskola batean 200 ipuin baztertu zituztela haurren liburutegitik helarazten dituzten genero estereotipoak kutsakorrak direlakoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-egin-ipuin-sexistekin/@@download/image/shutterstock_522019972.jpg
2019/04/30

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Orain dela gutxi irakurri nuen Bartzelonako eskola batean 200 ipuin baztertu zituztela haurren liburutegitik helarazten dituzten genero estereotipoak kutsakorrak direlakoan.
ZER EGIN IPUIN SEXISTEKIN?

Argi dago, berdintasunean bizitzen umetan hasi behar dela, baina benetan laguntzen al du patroi sexistak ez sortzen, haurrek klasikoak ez irakurtzeak? Dirudienez Bartzelonako eskola honek baietz erantzungo zukeen galderari, bai behintzat, etaparik goiztiarrenean. Beraik diotenez lehen hezkuntzan eta bigarren hezkuntzak umeek jada garatuak dituzte kritikarako gaitasunak eta estereotipo sexistak zabaltzen dizuten ipuinetatik hausnarketa eta ikaskuntzak atera ditzakete. Ez omen hala gertatzen gazteagoen artean eta horregatik kendu dituzten, ez baitituzte hain haur direnean jokabide hauek ezbaian jartzeko tresnarik eta hauek barneratu omen ditzakete eta denborarekin baita imitatu ere. Baztertuta gelditu diren ipuin gehienetan maskulinitate patroiak erakusten ziren, non gizonezkoak indartsuak diren, ausartak eta lehiakorrak. Emakumeak berriz, pasiboak eta gehienetan pertsonaia maskulinoek egindako jokabide biolentoen biktimak.

Egia da ipuin askok, gehienak erdi aroko ahozko tradiziotik iritsi zaizkigunak, funtzio moralizatzaile bat zutela eta denborarekin moral hori noski, ezbaian jarri behar dela. Gainera, hasiera batean ez zeuden umeei zuzenduta, baina detailerik krudelenak kenduz egokitzen joan ziren eta jada XIX. mendean egon zen eztabaidarik pasarterik beldurgarrienak kentzearena (ipuin originalean adibidez, Edurnezuriko sorgina ez da hiltzen amildegi batetik erorita, baizik eta suharretan zeuden burdinazko zapatak jantzitan dantzan egitera behartzen da). Haatik, gaur eguneraino iritsi da nola Hansel eta Gretelen gurasoek basoan abandonatzen dituzten ezin dutelako euren kargu egin, nahiz eta egoera hori egun pentsaezina den.

Ipuinetako ankerkeriekin horiekin bezain beste asaldatzen gara helarazten dituzten genero estereotipoekin. Errauskine eta Edurnezuri bizitza gogorreko bi printzesa dira eta soilik bere printze urdinek salba ditzakete. Ipuin hauetan emakumeak pertsonaia pasiboak dira, norbaitek auren bizitza noiz aldatuko zain geratzen direnak eta emakumeen arteko etsaitasuna sustatzen dutenak, euren arerioak beti beste emakumezkoak izan ohi baitira. Inork ez du dudan jartzen estereotipo hauek okerra direla, baina ez al da seinale hona guztiok ohartzea gaizki daudela? Beraz, ze puntutaraino da egokia hauek ezkutatzea? Ez al litzateke hobe, ipuin hauen bidez, zein litzatekeen jokabide zuzena irakastea?

Zeren, bidegabea litzateke ukatzea liburu hauek gauzak irakatsi dizkigutela. Ez bakarrik ume ginela irakurtzen genituenean, baita ondorengo irakurketetan, nerabezaroan edota helduaroan. Liburuak modu askotara erabili ditzakegun tresnak dira eta modu horietako bat da ados ez egotea dakarren edukiarekin. Gainera, istorio berdinaz egin dezakegun interpretazioa, gu aldatzen goazen bezala, denboran aldatzen doa, gure jakituria, esperientziak eta ahalmen kritikoa hazten doazen heinean. Horregatik, sexistak iruditzen zaizkigun liburuak baztertzea ez zait irtenbidea iruditzen, gustuko ez dugun horretatik gehiago ikasi baitezakegu gustatzen zaigun horretatik baino. Nola jakin zerbait gustatzen zaigula gustatzen ez zaigun hori ez badugu dastatu? Ipuin horiek ezabatu baino, txikienei hauek modu egokian irakurtzen lagundu behar zaie, euren lehen irakurketak ipuin tradizional eta gaur egunekoekin osatuz, adibidez. Gainera, liburuak hezkuntzaren zati txiki bat besterik ez dira eta gizarte berdinago bat lortzen ez dugun bitartean beti egongo dira aurreiritzi eta injustiziak. Beraz, hezkuntza aldarri harturik borrokatu dezagun gizarte justuago baten alde, debekua inoiz ez baita bidea.