Zer du bizarrak?

Zer du bizarrak? https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/06/04
erreportajea
TESTUA: Ander Lertxundi eta Nerea Sancho. Bitxigorria
Zer du bizarrak?
Bizarra modan dago. Paisajismoan bezalaxe, bi estilo klasikoetako bat jarraitu ohi du: estilo frantsesaren kontrola eta ordena, edo ingelesaren inprobisazioa. Egungoak bigarren ereduari erantzuten dio, bereziki luzea eta mardula denean.

Bizarra gizonezko arduratsu, heldu, maskulino, garaikide, zentzudun eta kritikoaren isla duela pentsa genezake egun. Modek garai sozio-politiko-ekonomiko zehatz bati erantzuten diote, eta gureak aldarrikapena eta inkonformismoa eskatzen ditu. Banketxeetako iragarkietan ere gizonezko bizardunak ikusten ditugu, baina duela bost bat urte pentsaezina zen haien bidez irudi garaikide eta kosmopolita eskaintzea.
Ezaugarri maskulinotzat dugun arren, badira bizarrari esanahi propioa eman dioten pertsonaia garaikideak ere, hala nola, Harnaam Kour emakume britainiarra, bere izate naturala onartu eta egunerokotasunean eramaten duena, edota ezagutu berri dugun Conchita Wurst Eurovision jaialdiko irabazlea. Aniztasun sexualaren muturreko adierazgarri izanik, hainbat europar aztoratu ditu, baina beste hainbaten miresmena sustatu du.

Bizar mozketaren historia
Harri Arokoak dira bizar mozketaren aztarna zaharrenak; parasitoengandik defendatzeko bizarra mozten hasi omen ziren orduko gizonak. K.a. 330. urte inguruan, halaber, bizarra mozteko agindua eman zien bere soldaduei Alexandro Handiak, borrokatu bitartean aurpegiko ileetatik heldu ez ziezaieten. Gizarte askotan, gainera, boterearen ezaugarria zen, txiroek ez baitzuten bizarra zaintzeko denbora eta baliabiderik; esaterako, Grezia Klasikoan.
Artean ere, boterearen eta indarraren ikur izan da bizarra. Greziar jainko gehienak, gainera, bizardunak dira, eta faraoiak bizar edo kokospekoarekin irudikatzen zituzten, baita emakumeak ere!
Bizarra gizontasunaren (maskulinitatearen eta heldutasunaren) ezaugarria ere bada. Utzikeriaren eta gizarte arauei kasurik ez egitearen ikur gisa ere hartua izan da, eta gizon zein emakume batzuei erakargarria iruditzen zaie, ezaugarri horiek gustuko dituztelako.

Metrosexual berriak
Bizarra uztearena famatuek abiatzen duten eta gainontzeko guztiok jarraitzen dugun moda horietako bat da. Baliteke metrosexualitatearen muturreko zaintze eta ile ekiditearen aurkako erantzuna izatea, kapitalismoa hainbeste gogorarazten duen ereduarekin ados ez daudenei irtenbide bat eskaini baitie.
Bestalde, metrosexualen bertsio berritzat ere ikus daiteke, hipster deiturikoen ezaugarritzat, alegia. Teknologia berriak, pastadun betaurreko handiak eta bizarra dituzten metrosexualak lirateke hipsterak. Norbere burua zaintzeak dakarren konnotazio femeninoa albo batera utzi eta maskulinitatera itzultzeko tresnatzat hartu dute bizarra, kontrolatutako utzikeriari glamour ukitu bat emanez.
Bizarra, beraz, oso erakargarria da jende askorentzat. Ukimenari dagokionez, urratuak eta ziztada desatseginak eragiten ditu, baita kilima eta sentsazio bigunak ere, oso gustagarriak izan daitezkeenak, edota guztiz kontrakoa.
Aipatzekoa da, halaber, homosexualen artean ere, moda albo batera utzi eta hartz bezala ezagutzen direnen irudia, hau da, gizon homosexual iletsuena, aspalditik dela ezaguna.
Azken batean, bizarrarekin edo gabe, argi dagoena da aniztasuna areagotzeko sexu ezaugarri bat gehiago dela.

Gay hiztegia



Aitor Arana. Txalaparta

Giza-multzo orok badu bere hizkera, hori menderatzean eta erabiltzean datzalarik taldekitasunaren ezaugarrietako bat. Hizkera sekretua, elkar ulertzeko sortua. Giltza ez ezik, atea ere badena. Horrelaxe, Gay mugimenduak ere bere hizkera sortu eta garatu du, etengabean garatu ere. Normala den legez, euskara ez da horretan salbuespena, gay euskaldunak gay normalak direnez gero. Normaltasun horren logikan Aitor Aranak gure elkarbizitzarako mugarri bilakatu den lana ekarri digu: Gay hiztegia. Edorta Jimenez

Fist fucking
Ingelesezko mailegua. Jolaskidearen uzkian barrena ukabila sartzeari esaten zaio. Harreman sadomasokistetan maiz burutzen den ekintza da.
Lumak zabaldu
Hala nahi delako eta dibertitzeko, lumadun batek luma airoski erakutsi, hau da, emakumezko keinu nabarmenak egin. Halakoetan, marizoroarena ere nahita egiten du.
Suediarra
Lau lagunek edo gehiagok elkarrekin burutzen duten sexu jarduna. Taldeko sexuketa.

Bitxigorriaren iradokizuna:
1. Bakarrik zaude etxean, berotzen hasi zara, baina inspirazioa falta zaizu? Hartu hiztegia!
2. Zabaldu liburua edozein orrialdetan, eta hatzekin hitz solteak aukeratu.
3. Irakurritako kontzeptuekin puzzle bat osatu, irudimena askatu eta eraiki ezazu zure fantasia.