Zer dakigu mugikorrek sortzen duten erradiazioaz eta horrek osasunean duen eraginaz?

Mugikorrak gure egunerokotasunean iraultza bat izan direla ukatzea gezurra esatea litzateke. Gure osasuna ere hankaz gora jarri dute ordea. Mugikorrek osasunean eragin ditzaketen kalteen ikerketa 1993an hasi zen, aparatu honi egotzitako lehen garuneko minbizi kasuagatik.
Hildakoa W. Ross Adey izan zen, Kaliforniako Unibertsitate neurologoa eta Motorolako ikertzaile ohia. Jada orduan, mugikorren erradiazioak osasunean izan zitzakeen ondorioak aztertzen ari zen. Aditu honek zioenez enpresak mugikorren toxikotasuna estaltzen zuten euren interes komertzialak mantentzeko. Motorolak berak ukatu egin zuen Ross Adey-ren ikerketa. Bertan frogatzen zuen mugikorren uhinek bai sortu zezaketela minbizia.
Dena den, ordutik hamaika ikerketa daude honen inguruan eta gehienak ondorio ezberdinetara iritsi dira. Batzuk diote mugikorrek igortzen dituzten uhinak ez direla nahikoa indartsuak gure osasunean eragiteko. Frogatu dute erradiazioak garuneko minbizia eragin dezakeela beti ere, erradiazio kopuru handiak jasaten badira soilik, mugikorrekoak ordea ez omen direla nahikoa indartsuak horretarako. Bestalde, beste ikerketa batzuk diote mugikorra 20 urte izan baino lehen erabiltzeak garuneko minbizia pairatzeko aukerak igotzen dituela.
Anbibalentzia honegatik, Osasunaren Mundu Erakundeak “litekeena dela erradiazioa kantzerigenoak izatea” onartu du. Gainera, ez gaude erradiazio hau xurgatzen mugikorrengatik bakarrik, haririk gabeko beste aparatuek edo mikrouhinak berak ere igortzen baitituzte.
Nola ekidin?
Kaliforniako Osasun Erakundeak gomendio batzuk jaurti ditu egunero gurekin daramatzagun gailu hauek igortzen duten kutsakortasuna ahalik eta murritzena izan dadin. Gomendio nagusiena mugikorra poltsikoan ez edukitzea da. Ugalkortasun aukerak kaltetzen dituela dioten ikerketak ez badira ere ondorio garbi batetara iritsi, onena gaixotasunak prebenitzeko mugikorra motxilan edo poltsan sartzea da.
Hemen erakunde honek zabaldutako beste zenbait gomendio batzuk:
-Mantendu mugikorra zure gorputzetik urrun esku libreetako aukera erabiliz.
-Seinalea urria denean saiatu mugikorra gutxiago erabiltzen, erradiazio gehiago igortzen baitu momentu horietan.
-Saiatu ahalik eta bideo gutxien ikusten mugikorrean, edo ahalik eta musika gutxiena entzuten bertatik, eta ekintza hauek burutzen badituzu egin hegazkin aukera jarrita.
-Ez lo egin zure mugikorra ohe ondoan duzula edo zure burutik hurbil dagoela.
Zorionez, teknologia bera prebentzioaren zerbitzura jartzen ari da. Hego Koreako unibertsitateko ikerlari batzuk mugikorra “kutsadura elektromagnetikotik” babestuko duen nanomaterial batean lanean ari dira. Gure gailu guztiak modu honetan babestuko bagenitu, ikertzaileen arabera, ez lukete egun igortzen duten erradiazio berdina igorriko.
Aurrerapen teknologiko hauek merkaturatu bitarte, gure esku dago gomendio hauek jarraitzea ala ez. Ikerketak ez dira oraindik erabakigarriak, baina horrelako gailuz inguratuta bizi garenez ez dago gaizki bada ez bada ere aholku hauek kontutan hartzea.