Zer da zurea eta zer nirea?

Zer da zurea eta zer nirea? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-da-zurea-eta-zer-nirea/@@download/image/patera_149_1393936271.jpg
2014/03/10
erreportajea
Joana Esparta eta Amaia Bernaola. Arratia BHI (Igorre)
Zer da zurea eta zer nirea?
Nork erabaki dezake zer den norena? Nork jarri ditu mugak herrialdeen artean? Nork arautu du arraza bakoitzaren lurraldea zein den? Nork esan, erabaki, arautu du kultura desberdinak batera bizi ezin direla?Galdera asko eta erantzun gutxi. Immigrazioaren gaiak, XXI. mendean, liskar asko eragin ditu eta eragingo ditu.


Askok agian ahaztu egin dute gure arbasoak etorkinak izan zirela, eta haiek ere atzerrira joan zirela etorkizun hobearen bila. Hori harrotasunez kontatzen dugu, baina ondoren, askotan entzun behar izaten ditugu etorkinei buruzko mespretxuzko zurrumurruak.

Argi dago jendeak immigrazioa begi onez ikusiko duela atzerrira doan pertsona garatutako herrialde batekoa bada, hau da, Lehen Mundukoa. Alderantzizkoa bada, ordea, gauzak asko aldatzen dira. Zer egin daiteke jendeak iritzia alda dezan? Zer egin daiteke immigrazio "ilegala" deritzona ezabatzeko?

Hasteko, jendeak iritzia alda dezan, etorkinen egoera nolakoa den jakin beharko luke, hau da, ez direla hona etorri guri lana kentzera edo diru-laguntzak jasotzera (askotan entzuten dira halako iritziak), baizik eta haien familiek bizi-baldintza duinagoak izan ditzaten lan egitera, diru-sarrerak handitzera.

Immigrazio "ilegala" gutxitzeko herrialde bakoitzak bere politika ezarri du, bakoitzak bere formula aplikatu du. Espainiaren kasuan, Melillan eta Ceutan sei metroko altuerako hesia jarri zuten, milioika euro gastatuta, baina arazoak bere horretan dirau. Nahiz eta mila ezten edo arantzadun sare jarri, etorkinen etsipena askoz handiagoa da hesi horrek duen altuera baino. Orain dela gutxi, hainbat atzerritar Ceutara modu "ilegalean" sartzen saiatu ziren, eta Guardia Zibilak tiroz erantzun zuen. Ondorioz, hamabost hildako izan ziren. Hildakoak zuriak eta espainiarrak izan balira errudunak aurkituko lituzkete, baina hala ez denez, begiak itxi eta ezikusiarena egitea errazagoa dela iruditzen zaie agintari edo/eta politikariei.

Hasieran esan dugun bezala, iraganean gure arbasoak ere atzerritarrak izan ziren. Gaur egun ere, denok ezagutzen dugu lan bila edo ikastera atzerrira joan behar izan duen norbait. Orain, hausnartu edo imajinatu, nola sentituko zinatekeen herrialde horretako poliziak tiroka ongietorria emango balizu, sei metroko altuera duen hesia jarriko balizute, edo herrialde horretako biztanleek mespretxuz hartuko bazintuzte.