Zer da pomodoro teknika eta nola erabili
Produktibitatea hazi eta denbora optimizatzeko tresna ugari badaude ere, pomodoro teknika izan ohi da azpimarratuena.
Denbora kudeatzeko teknika hau Francesco Cirillo-k sortu zuten 1980. hamarkada amaieran. Bere helburu nagusi eta bakarra denboraren kudeaketa hobetzea zen.
Horretarako denbora pomodoroetan zatitu behar da: 25 minutuko kontzentrazio jarraitua eta bost minutuko atsedenaldiak. Hau, 25/5 minutuko lau bloketan banatzen da. Behin pomodoroak beteta, 15-30 minutuko atsedenaldia hartu liteke. Teknikak, lehen begiratuan, sinplea dirudi, baina oso eraginkorra da, atsedenaldiak maiztasunez hartzeak bizkortasun mentala hobetzen baitu eta horrekin baita produktibitatea ere.
Nola erabili pomodoro teknika
1. Zeregin zehatz bat aukeratu.
2. Tenporizadorea jarri (25 minutu).
3. Erabaki duzun zeregina burutu, beste ezertan denborarik galdu gabe.
4. Alarmak jotzean bost minutuko atsedena hartu.
5. Burututako pomodoroa markatu, honela jakingo duzu noiz betetzen dituzun lau blokeak (horretarako mugikorreko aplikazioak ere badaude).
6. Lau pomodoro bukatu ondoren pausa luzeago bat egin (15-30 minutu).
Papera eta arkatzarekin pomodoroak apuntatzen ibili nahi ez baduzu, egun hainbat webgune eta aplikazio daude pomodoro teknika erosotasunez aplikatu ahal izateko. Horien artean daude Increaser eta Pomodoro tracker webguneak; eta Pomodoro timer eta Focus To-Do aplikazioak (iOS zein Android-en eskuragarri).
Abantailak eta desabantailak
Orain, pomodoro teknika nola erabili badakizunez, ikus ditzagun zein diren bere abantailak:
- Distrazioak eta etenak ezabatzen ditu.
- Zeregin bati eskaintzen diozu zure energia guztia eta horrek denbora gutxiagoan burutu ahal izatea ahalbidetzen du.
- Atsedenak hartzera behartzen zaitu eta zure garuna hustera.
- Multitasking famatua ekiditen du.
- Kontzentrazioa sustatzen du eta overthingking famatua sortzea eragozten du.
Eta desabantailak? Bizitza honetan, gauza guztiek bezala, baditu, noski. Nagusiki, teknika hau ez da baliagarria zeregin sortzaileenentzat, zeinetan inspirazioa eta saiakera-errorea prozesuaren zati diren. Teknika honen helburua zeregin batekin amaitzea da, ideietan pentsatu eta esperimentatzea baino. Bestalde, talde lanarekin ez da bateragarria izaten. Eta azkenik, etengabeko etenaldiak zure lanaren zati badira (deiak, bisitak, bilerak...) ez da teknikarik egokiena zuretzako.
Onena? Probatu eta zuk zeuk erabakitzea egokia izan lekizukeen ala ez. Pprobatzeak ez dago sekula soberan. Gainera, "egun txarretan" lagundu liezazuke, guztiz kontzentratua ez zaudenetan edota energia baxuarekin sentitzen zarenetan.

