Zer da "phubbing"-a eta maitasun harremanetan, zure mugikorrak, nola eragin lezake?
Baina zergatik dugu jokabide hau burutzeko joera? Ohitura hau ezabatu al dezakegu? Phubbing-a, labur esanda, inguru sozial batean mugikorra begiratuta bestea gutxietsitzeko ekintza da, pertsona horri beharrean ditxosozko gailuari arreta gehiago jartzen baitzaio. Phubbing hitzaren jatorria ingelesean dago, phone (telefonoa) eta snubbing (gutxietsi) hitzen elkarketa da.
Egun mugikorra makulu-sozial bihurtu da eta beharrezkoa ez badugu ere, etengabe begiratzeko beharra sentitzen dugu, ekidin ezinezko ohitura bilakatu da askorentzat. Aitortu edo ez, litekeena da momenturen batean phubbing-a egin izana edo besteek zuri phubber egin izana.
Nola jakin phubber bat zaren?
Phubbing-a zer den ulertzea zaila izan liteke, baina zenbait seinalek zure harremanean berau atzematen lagundi diezazukete. Soinuren bat ateratzen duen bakoitzean mugikorra begiratzen baduzu, nahiz eta elkarrizketa baten erdian egon; ohean egonagatik zure smartphone-a ez begiratzeagatik antsietatea sortzen bazaizu; mugikorra komunera ere eramaten baduzu; telefonoaren jakinarazpenak berrikustea ekidin ezin baduzu; norbaitekin hizketan ari zarela beste norbaiti mezu bat bidaltzen badiozu eta elkarrizketa batean pausa deseroso bat dagoenero mugikorra hartzen baduzu, ziurtatzen dizugu phubber amorratua zarela.
Zergatik kaltetzen ditu phubbing-ak harremanak?
Phubbing-a ez da soilik zure bikotearekiko errespetu falta bat, harremanetan atsekabea ere eragin lezake. Phubbing-atik sortzen diren liskarrek harremanean modu ezkorrean eragin lezakete eta baita ongizate psikologikoa zapuztu. Phubbing-agatik zure bikoteak ez dela garrantzitsua sentitu lezake, pertsona hori zurekin elkarrizketa bat edukitzen saiatzen ari den bitartean gailu elektronikoan arreta jarrita baituzu. Hau ohiko bilakatzen bada, zure bikotea emozionalki deskonektatua sentitu liteke zuregandik. Baztertua sentitu liteke eta horrek elkarren arteko komunikazioaren kalitateari eragingo lioke.
Nola eragiten du phubbing-ak buru osasunean?
Phubbing-a bestearekiko errespetu falta denez, normala da beste pertsona baztertua edo deseroso sentitzea eta bere buru osasunean modu esanguratsuan eragitea. Honela ez sentitzeko, litekeena da phubbing-aren biktima ere mugikorra erabiltzen hastea eta honela phubbing ziklo bat hastea. Alabaina, phubbing-ak ez dio soilik sufritzen duen buru osasunari eragiten, baita phubber-a eragiten duenari ere. Ikerketa baten arabera, phubbing-ak gure funtsezko lau behar mehatxatzen ditu: zerbaiten parte izatea, autoestimua, existentzia esanguratsua eta kontrola, phubbing-a pairatzen dutenak baztertuak sentitzen baitira, garrantzia gutxi balute moduan. Antsietatearen sintomak ere okerragotu ditzake. Phubbing-a egiteak kalte gehiago egiten du, besterik gabe harremana zapuzteak baino, bikotearen arteko lotura hiltzen baitu.
Nola ekidin phubbing-a?
Bete edozein arazo bezala, lehen pausoa phubbing-a egiten duzula onartzea da. Mugak ezarri eta telefonorik gabeko guneak sortu, modu honetara bikotearekin pasako duzun denboraren kalitatea ez du mugikorrak etengo. Gorde zure mugikorra jaten ari zaren bitartean edo hitzordu batean baldin bazaude eta eskaini denbora pertsona berezi horri. Desintoxikazio digitala mugikorraren bitartez ere egin liteke telefonoa, denbora jakin batez, blokeatzen duen aplikazioren baten bitartez, adibidez. Azken finean, garrantzitsuena zure bikotekidea kontutan izatea da, zeren batzuetan zerbait garrantzitsua kontatu nahi dizu eta minduta sentitu liteke entzun beharrean phubbing-a egiten badiozu. Beraz, zure lehentasunak argi izan eta jarri zaitez bestearen lekuan phubbing-a egin aurretik.

