Zer da Bluesky, Trumpen garaipenaren ondoren milioika erabiltzaile irabazi dituen sare soziala?
“Ba gutxi izango gara, baina a ze plazera timeline-an sartu eta plaza atsegin eta seguru batean zaudela sentitzea, aizu!”, irakur liteke Mikel Alvarez idazlearen Bluesky-eko argitalpen batean.
Izan ere, plataforma honek bi milioi erabiltzaile baino gehiago irabazi ditu Donald Trump-ek eta Elon Musk-ek garaipena lortu zutenetik.
Bluesky: Twitter-en antza duen sare deszentralizatua
Bluesky, Twitter, —orain X—, bezala, mikroblogging sarea da. Oso antzekoa itxuran, zein funtzionamenduan. 2019an sortu zen, Twitter barruko esperimentu gisa, protokolo deszentralizatu eta kode ireki batean oinarritutako plataforma bat nolakoa izango litzatekeen aztertzeko.
Ezaugarri horiei esker, erabiltzaile eta enpresa orok aplikazio desberdinak sor ditzake: algoritmo pertsonalizatuak, mezuak zifratze zorrotzago batekin, eduki-iragazkiak edo moderazio-politika desberdinak. Hori guztia, sare nagusi hori kudeatzen duen enpresaren kontrol edo baimenik gabe.
Jack Dorsey-k, Twitterren sortzaileak, garai batean plataforma hori gidatzen zuen bitartean jarri zuen martxan proba. Dorsey-k urteak zeramatzan Twitterren erabilgarritasunari buruzko erabakietan inbertitzaileek eskuratutako botereaz kexu, eta gero eta aldekoago agertzen zen deszentralizatutako teknologiaren alde.
Proba arrakastatsua izan zen eta Bluesky proiektu independente gisa sortu zen 2021ean. Twitterrek urtebetez finantzaketa ematen jarraitu zion, 2022an Elon Muskek enpresa erosi eta harremana eten zen arte. Orduan, ekimen gazteak hainbat hilabetez lanean jarraitu behar izan zuen merkatura iritsi ahal izateko. Azkenean, 2023ko otsailean kaleratu zen.
Blueskyren hasierako mugak eta AT protokoloa
Hasiera batean, Blueskyrako erregistratzea gonbidapenen bidez mugatuta zegoen, erabilera kontrolatua izan zedin eta sarearen oinarrizko azpiegitura eraiki ahal izateko. Jay Graber zuzendari exekutiboak azaldu duenez, "gonbidapenak ez genituen erabiltzen esklusiboak izateko, baizik eta hazkundea kudeatzeko".
Bluesky AT Protokoloa delakoa garatu behar izan zuten, erabiltzaile ezberdinek euren esperientziak pertsonalizatu ahal izateko. Adibidez, erabiltzaileek aukeran 25.000 "feed" pertsonalizatu baino gehiago dituzte, gehienak garatzaile independenteek sortutakoak.
Dirudunen aurkako babesarekin
2024ko otsailean Bluesky publiko orokorrari ireki zitzaion eta harrezkero 16 milioi erabiltzaile baino gehiago lortu ditu. Mastodon alternatibaren erabiltzaile kopurua bikoiztu du, sare deszentralizatua den arren.
AT protokoloak erabiltzaileei datuak beste plataforma batzuetara eramatea errazten die, eta horrek independentzia bermatzen du. Facebook edo TikTok bezalako sare zentralizatuetan ez bezala, hemen erabiltzaileek kontrola dute beren identitate eta datuen gainean.
Gainera, Bluesky "Public Benefit Corporation" bezala eratu da, hau da, irabaziak bilatzeaz gain, interes orokorra lehenesten duen erakunde moduan.
Publizitaterik gabeko negozio eredua
Blueskyk ez du publizitaterik eta etorkizunean ere hori saihesteko asmoa du. Horrela, erabiltzaileen datu pertsonalak masiboki bildu behar izatea ekiditen du. Finantzaketa diru-laguntzen eta teknologia deszentralizatuan interesa duten inbertsoreen bidez lortzen du.
CEOak, Graber-ek, erabiltzaileentzako eta garatzaileentzako balioa sortzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, eta etorkizunean, esaterako, domeinu pertsonalizatuak saltzea proposatu dute diru-iturri gisa.
Blueskyk oraindik bide luzea du egiteko, baina 16 milioi erabiltzailek erakutsi dute sare sozial deszentralizatuek gero eta interes handiagoa pizten dutela.
Kasu! Bluesky-era igaro arren, ez ezabatu X kontua!
X-en azken aldaketek ez bazaituzte konbentzitzen, eta Bluesky-era igaro nahi baduzu, adi! Ez ezabatu X kontua, besterik gabe erabiltzeari utzi. Kontua ezabatu eta 30 egunetara norbaitek zure profila laburtu eta faltsutu dezake. Izan ere, zoritxarrez, besteen izenan iruzurrak egiteak hazten ari den negozioa da. 
