Zer da afasia, Bruce Willis erretiroa hartzera behartu duen gaixotasuna?

Zer da afasia, Bruce Willis erretiroa hartzera behartu duen gaixotasuna? 67 urteko Bruce Willis aktore ezagunak erretiroa hartu behar izan du afasia diagnostikatu ostean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-da-afasia-bruce-willis-erretiroa-hartzera-behartu-duen-gaixotasuna/@@download/image/que-es-la-afasia-el-trastorno-de-lenguaje-que-padece-bruce-willis_8fe88a40_1280x720.jpg
2022/04/08

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

67 urteko Bruce Willis aktore ezagunak erretiroa hartu behar izan du afasia diagnostikatu ostean.
Zer da afasia, Bruce Willis erretiroa hartzera behartu duen gaixotasuna?

Bruce Willis aktore ezagunak erretiroa hartuko duenaren albistea bolo-bolo zabaldu da. Dirudienez afasia diagnostikatu diote, baina ba al dakizu zer den afasia? 

Afasiak esan nahi du, gaixotasun hau dela-eta, hizkuntzarekiko eta komunikatzeko arazoak garatu dituela. Gaixotasun hau garatzeko zergati ohikoenak buruko lesioak dira. Adituek diote hitzezko edo idatzizko diskurtso baten ekoizpenean eta ulermenean eragina baldin badu ere, gaixotasun honek ez diola pertsonaren inteligentziari eragiten. 

Estatu Batuetako Afasia Elkartearen arabera bi milioi estatubatuarrek pairatzen dute, eta parkinsona, garun paralisia edo distrofia muskularra baino ohikoagoa da. Normalean jazoera puntual baten ostean sortzen bada ere, gaixotasun neurodegeneratiboen ondorioz ere sortu liteke. Kasu horietan, kaltea progresiboki antzematen da, eta terapia etorkizuneko galera funtzionalak ekiditen saiatzen da. Willis familiak aktoreak afasia pairatzen duela adierazi badu ere, ez du honen jatorria argitu. 

Argi dagoena da hitz egiteko gaitasuna eskaintzen digun garun sistema oso konplexua dela. Zeinek ez du, noizean behin, esan nahi duena adierazteko hitz egokiak bilatzeko zailtasuna esperimentatu? Sentsazio hau askotan eduki ohi da afasiarekin. 

Adierazpen afasian, adibidez, nahasmena pairatzen dutenek ederki ulertzen dute irakurri edo entzundakoa, baina hitzak adierazteko zailtasuna izan ohi dute. Mota honetako afasia pairatzen dutenek esaldi sinpleak erabili ditzakete besteek bera uler dezaten, adibidez "janaria nahi". Afasia harkorrean, berriz, esaldiak erraz datoz ahora, baina beharbada ez dira zuzenak. Eta pertsona horrentzat zaila da entzuten ari dena ulertzea. 

Bada berri onik ordea. Izan ere, afasia pairatzen duten guztiek dute hobetzeko aukera epe luzera begira. Horretarako ezinbestekoa da hizkuntza eta komunikazio moduak lantzea. Garuna, malgua denez, blokeatutako bideak alboratuz bide berriak sortu ditzake terapia egoki batekin, konexio berriak garatzera iritsiz.