Zer aurkituko duzu azaroko GAZTEZULO aldizkarian?

Azaroko aldizkariko protagonista Maddalen Arzallus bertsolari eta aurkezlea da. Ezinbestean beraz, bertsolaritzaz mintzatu gara berarekin, baita egungo telebistaz ere. Horretaz gain, ordea, mugen inguruan ere mintzatu gara, itzulpengintzaz, kulturaz... ez galdu elkarrizketa benetan interesgarria!
Erreportajean, berriz, Maitane Legarretak AMAK taldea ekarri digu. Bertan ama eta musikari lanak nola uztartzen dituzten azaltzen digute, hausnarketarako beta eskainiz.
Baina badakigu batzuk nahiago izaten duzuela aldizkaria atal arinagoetatik hasi, eta ziur zuetako asko zuzenean Sexumatoia atalera jotzen duzuela aldizkaria jaso bezain arin, baietz? Bada oraingoan Betagarri talde mitikoko, eta orain Modus Operandi taldean dabilen, Iñaki Ortiz de Villalba abeslariarekin ibili gara lardaskan.
Hutsartea atalean Iruñe Ortizek emakumeek kirol munduan jasaten dizuten eraso matxistak eta LGTBIQ+ komunitateak pairatzen dituzten eraso homofoboen inguruko datuak eta hausnarketak bidu ditu.
Joystick Bi atalean, Beñat Rodriguezek bideo-jokoak ez direla bizitza errealetik horrenbeste aldetzen erakutsiko digu. Ingurumen kontuetan murgilduko da, berriz, Maitane Uriarte gure lurraldeko zenbait makroproiekturen ingurukoak ekarriz.
Eta noski, betiko moduan Maitane Legarretak hainbat liburu interesgarri gomendatuko dizkigu Lumazain atalean, Gaizka Izagirrek beste horrenbeste egingo du telesail eta filmekin eta musikarik ere ez da faltako. Eta gosez geratu bazara, Oraitz Garciak bere Sukalde Kontuak atalean hainbat pintxo goxo erraz egiteko ideiak utzi dizkizu. Baina ez dugu dena esango, ezta? Beste pare bat ezusteko ere baditugu zuretzat gordeak, beraz, eskuratu zurea azaroaren 5etik aurrera!
Kioskora joan beharrik gabe aldizkaria hilabetero etxean jaso nahi baduzu harpidetzeko aukera ere badugu; paperean zein digitalean! Sakatu beheko irudian eta informatu zaitez: