Zer amesten duzu?

Zer amesten duzu? Loaren Mundu Mailako Eguna siesta on batekin ospatu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-amesten-duzu/@@download/image/Guardian_lucid_dreaming_full_width.jpg
2019/03/15
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Loaren Mundu Mailako Eguna siesta on batekin ospatu!
Zer amesten duzu?

Eta zuk, zer amesten duzu? Gaur Loaren Mundu Mailako Eguna dugu, eta ospatzeko, siesta eder bat botatzeaz gain, mundu guztiak noizbait izan dituen ametsik ohikoenen zerrenda ekarri dizugu. Eta zuk, izan al duzu halako ametsik?

1) KONTROLIK GABE GIDATU: Kotxe batean zoaz, eta bat-batean, autoaren kontrola galtzen duzu! Susto ederra izateaz gain, amets honen bidez zure subkontzienteak oihukatzen dizuna hauxe da; utzi behingoz dena kontrolatzen saiatzeari!

2) ERORI: Adituek diotenez, amets hau ohikoenetakoa da eta gure arbasoek utzi diguten oinordekotza da; dirudienez, gizaki primitiboak beldur ziren zerbait gertatuko ote zitzaien lo zeuden bitartean, eta beraz, azkar esnatzeko defentsa mekanismo bat zen. Egun, urduri gauden seinale bat izan daiteke amets hau.

3) HEGAN EGIN: Amets hau ere sarritan errepikatzen den horietakoa da. Aurrekoak ez bezala, amets hau izateak zentzu positiboa izan dezake. Lasai gaudela, zoriontsu, ametsen bat betetzeko zorian... hegan egitearekin amestu baduzu beraz, gozatu! 

4) AZTERKETAK!: Klasean zaude, lagunekin lasai asko hitz egiten, eta bat-batean irakaslea sartzen da, serio aurpegiarekin, "Gaur, azterketa sorpresa!" oihukatuz. Nahikoa ikasi ez baduzu eta azterketekin amesten baduzu, ez duzu azalpen askorik behar; subkontzientea urduri jarri duzun seinale!

5) BILUZIK: Biluzik egotearekin amestea ere ohikoa da, eta esanahi asko izan ditzake, baina leku publiko batean bat-batean biluzik zaudela amestu baduzu, dela lantokian, aurkezpen batean, klasean... orduan, kritikarekiko sentibera zauden seinale izan daiteke.

6) KOMUN BAT MESEDEZ!: Txiza larriz eta komunik topatu ezinik? Honek ez du sakoneko esanahirik... soilik lo hartu aurretik komunetik pasatzea ahaztu zaizula! Hurrengoan, likido gutxiago edan afalorduan!

7) HORTZAK ERORI: Tradizioan, amets honek zorte txarra ekartzen duela esaten den arren, psikologoen ustetan konfiantzaren galera sinbolizatzen du, hortzak gure konfiantza ordezkatzen dutelako.

8) NORBAIT JARRAIKA: Amets hau ez da oso gozoa, baina askotan errepikatzen da. Norbait jarraika dugu, eta guk edozer egiten dugu ez gaitzan harrapatu. Psikologoek diotenez, amets honek adierazten du beldur garela zerbaiti aurre egiteko... zer ote da?