Zer afalduko dugu gaur, laztana?

Zer afalduko dugu gaur, laztana? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zer-afalduko-dugu-gaur-laztana/@@download/image/2011237525afrod_1361549700.jpg
2011/02/04
erreportajea
TESTUA: Nerea Sancho eta Garazi Iraizotz.
Zer afalduko dugu gaur, laztana?
Lurralde ezberdinetan, mende luzez, gizakion desiran, kitzikapenean, erakarpen gaitasunean eta komunikazio erotikoan eragina izan dezaketen elikagaiak existitu existitzen direla sinistu izan dugu.

Egia ala ez, argi izan jakiok ez dutela halako efekturik ekarriko testuinguru erotikoa egokia ez bada. 

Erromatar inperioaren garaian, letxua jateak kitzikapen sexuala zekarrela pentsatzea joera zabaldua zen. Gaur astakeria hutsa iruditzen zaigu. Aldiz, izaera afrodisiako berbera aitortzen diogu beste zenbait elikagairi: anisak, zainzuriek, platanoek, txokolateak, baratxuriek, eztiak, ostrek, marrubiek eta trufek gure desira pizten omen dute. Egia ote? Montpelliergo Unibertsitateko Botanika eta Farmazia ikerlarien ekarpenetan oinarrituta saiatuko gara auzi hau behin betiko argitzen.

Digestio ona egitea eta izatea, adibidez, ia ezinbestekoa da sexu ariketan gozatu ahal izateko. Ba, digestioa estimulatzen duten jakietako bat da piperbeltza; agian horregatik kokatzen dugu afrodisiakoen artean. Organismoa suspertzen dutenak ere badira, intxaur muskatua kasu. Afrodisiakotzat jotzen ditugun beste elikagaietako batzuek estresari aurre egiten laguntzen digute: ginsengak, esate baterako. Beste batzuek, txileak bezala, gorputza berotzen digute. Zentzumenei eragiten dienik ere bada, hala nola, banilla: dastamena eta usaimena estimulatzen ditu.

Aipatutako jaki horiek guztiek gugan eragiten dituzten efektuek ondo sentiarazten gaituzte, baina horrek ez du esan nahi zuzen-zuzenean bero-bero jartzen gaituztenik. Adituen arabera, afrodisiako autentiko bakarra dago, mutilen kasuan erekzioan eragin zuzena duen produktu farmakologikoa: yohimbina. Kontu handiz kontsumitu beharrekoa da, medikuak aginduta beti ere.

Zer baino garrantzitsuago, nola

Gainontzeko elikagai guztiek, arestian zerrendatutakoek, kitzikapen sexualean lagun dezakete, noski, baina soilik plazera ahalbidetzen duten bestelako faktoreak ere martxan direnean, nolabait elkarlanean. Kontzentrazioa, gogo baikorra, neke eza, gustura eta konfiantzan sentitzea, imajinaziorako gaitasuna… ezinbesteko bidelagunak dira.

Testuinguru erotikoa, esaterako, oso faktore garrantzitsua da. Giroa ahalik eta erakargarrien bihurtzea gure esku dago eta, beraz, lan aberasgarria egin dezakegu hau prestatzen. Topaketa erotikoa afari batekin has daiteke, adibidez. Baina garrantzitsuena ez da izango zer afaldu, nola baizik: zer eramango dugun soinean, prestaketarekin asmatzea… Klasiko xamarra izan arren, argi ahul bati eta musika lasaiari esker sor dezakegu giro egokia. Komunikazioa erraztu dezaketen elementuak ere aukera ditzakegu. Tentaldian erortzeko eta erori arazteko, afrodisiakotzat jotzen dugun edozein produktu baino eraginkorragoak dira aurkeztu ditugun tresnak.

Masajerako kandela



Kandela batez ari gara eta, beraz, suaren bitartez, giro goxoa sortu eta ikusmena estimulatzen du. Usaimena ere bai, konbinazio berriak eginez oso emaitza onak lortu dituzte eta: laranja, iltzea (espezia), izpilikua…
Berritasuna kandela urtzen denean dator, argizari ordez masajerako olio bilakatzen baita. Olioa bero dagoen artean kidearen gorputzean zehar zabaldu, eskuekin igurtzi eta masaje atsegina emateko aukera eskaintzen digu.


Proba ezank: askatu gabe



Laranja, iltze eta labanda usaina dituen kandela piztu, eta itzali argiak. Kontrako eskutik heldu, ez askatu. Ilunpean begietara begiratu, entzun kandela urtzen doanean egiten duen soinua. Pixkat urtu denean, isuri zure lagunaren eskuan. Hark zure gorputzean zabalduko du, masajerako olioa bihurtu da eta. Orain bere txanda da, piska bat gehiago urtu da eta zure eskuan zabaldu eta hari bere gorputzetik sakabanatu, astiro hasieran, tarteka intensuki, barrenak eskatzen dizun bezala, gora eta behera, alborik-albo eta mantendu begirada. Izterrak, bularra, besoak, lepoa,,. Behatzekin, esku osoarekin, … utzi olioa atzamarren artetik bero-bero isurtzen.