Zentsuraren aurkako jaialdia egingo dute datorren astean Bilbon

Zentsuraren aurkako jaialdia egingo dute datorren astean Bilbon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zentsuraren-aurkako-jaialdia-egingo-dute-datorren-astean-bilbon/@@download/image/20121191832zentsura_at_1.jpg
2012/12/13
berria
Zentsura At jaialdiak zazpigarren edizioa izango du aurten, eta urtero legez, hainbat herrialdetako artistak gonbidatu dituzte beren jaioterrian jasaten duten zentsura salatzeko. Kontzertuak, arte erakusketak, hitzaldiak eta mahai-inguruak ez dira faltako azaroaren 12tik 18ra bitarte Bilbon egingo dituzten ekimenetan.

Ekimena iragan urrian hasi zen, EHUko Bizkaia Aretoan ikusgai dagoen Instalacion Leon Ferrari erakusketaren bidez. Hilabete osoan zehar ikusgai izango dira artista argentinarraren lanak, botere gehiegikeriak eta tolerantziak salatzen dituztenak. Gainera, bere lanari buruzko hitzaldia emango du artistaren ilobak hilaren 12an, BBK aretoan.

Bestetik, azaroaren 7az geroztik Quino marrazkilariaren hainbat komiki ikus daitezke areto berean, eta hilaren 16ra bitarte izango dira bertan.

Erakusketetatik haratago, El Proceso de Burgos filma proiektatuko dute azaroaren 13an, eta Antton Karrera, Teo Uriarte, Javier Sadaba, Imanol Uribe eta Txema Montero adituek hartuko dute parte ondorengo eztabaidan.

Gonbidatu bereziak
Baina jardunaldietako benetako protagonistak artista gonbidatu atzerritarrak izango dira. Souad Maiz argeliarrak, esaterako, hilaren 15ean eskainiko du kontzertua. 1999az geroztik Frantzian bizi da, Atakor heavy-rock taldean parte hartzeagatik mehatxuak jaso baitzituen, herrialdeko tradizioaren aurka, ustez, egiteagatik.

Bellavista Social Club talde kolonbiarra ere Bilbora hurbilduko da azaroaren 16an, eta Emel Mathlouthik, Tunezetik etorrita kontzertua eskainiko du azaroaren 18an, igandean. Iraultzaren ahotsa dela diote bertan.

Halaber, jaialdiko artista guztiek bilera itxia egingo dute azaroaren 16an, goizeko 10:30etan. Ikusleak ezingo dira bertan sartu, baina eztabaida interesgarri eta aberasgarria izango da, dudarik gabe.