Zenbat urterekin hil da Guinness errekorra duen zaldi zaharrena?

Burt Reynolds aktorearen etxaldean jaiotako Mokiek zaldi zaharrenaren Guinness errekorra lortu zuen maiatzean, 40 urte eta 83 egun zituelarik. Ez da marka makala, zaldiek, batez beste, 25-30 urte arteko bizialdia izaten baitute. Gizakion adin-tarteekin alderatuz gero, 115 urte betetzearen parekoa litzateke gutxi gorabehera.
Arraza arabiarreko zaldiak maiatzaren 14an lortu zuen errekorra, baina, tamalez, ez zuen ziurtagiria begi aurrean ikusterik izan, handik gutxira hil baitzen, ekainaren 3an, Estatu Batuetan. Hala ere, azken urteak harekin pasa dituen Arica Dzama nagusiak agiria ondo gordeko duela ziurtatu du.
Mohawk zuen jatorrizko izena Mokiek, eta Reynoldsen etxaldean jaio zen 1985eko otsailaren 21ean. Han bizi izan zen harik eta, 1992an, Beverly izeneko emakume bati saldu zion arte. Hark etxetik kanpora joan behar izaten zuenean, Arica zaldia zaintzen aritzen zen, eta Beverlyk bizitokiz aldatzean, Aricak hartu zuen Floridako etxean. Ordurako urte dezente zituen zaldiak, eta jendeak terapia egiteko erabili zuten.
Beverly Mokiren gainean ibiltzen zen, eta leku askotan izan zen harekin. Dzamarena iritsi zenean, ordea, bestelako bizimodua izan zuen halabeharrez. Arica Dzamak kontatu duenez, "jatea, eskuilatzea, eta musuak ematea gustatzen zitzaion. Mokiek haren gainean ibili ezin daitekeen zaldi bat maitatzen irakatsi zidan. Zaldi batek bere magiarekin bakarrik egin dezakeena erakutsi zidan".
Mokieren aurretik, Estatu Batuetako Arizonan sortutako Echoquette izeneko behorrak zuen Guinness errekorra. 2021ean hil zen, 36 urte eta 222 egun zituela.