Zenbat kutsatzen du zure dietak?

Zenbat kutsatzen du zure dietak? Kontsumoan hartzen duzun erabaki bakoitzak eragina du ingurugiroan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zenbat-kutsatzen-du-zure-dietak/@@download/image/19037754_303.jpg
2019/07/30
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

 

Kontsumoan hartzen duzun erabaki bakoitzak eragina du ingurugiroan.
Zenbat kutsatzen du zure dietak?

Supermerkatuan sartu eta berehala, ehunka mezuk bonbardatzen zaituzte: "bio", "eko", "zero", "0 kilometro", eta abar luze bat. Hitz horiek edertuz, kolore berdeak eta birziklagarria dela adierazteko sinboloak ageri dira, erosterako orduan ingurugiroa errespetatzen duzun sentipena izan dezazun. Baina, plastikoan bildutako gaileta biologikoek natura babesten dute? Eta munduaren beste puntan arrantzatu duten legatzak? 

Egunerokoan erosten eta kontsumitzen dugunak eragina du ingurugiroan; horregatik, iragarkiek esaten dutena ahaztu eta aukeratzen ditugun produktuen jatorria ezagutzen hasteko unea iritsi da. Hain zuzen, Oxford unibertsitateko ikerketa berri batek ondorioztatu duenez, mundura igortzen diren negutegi efektuko gasen heren bat elikagaien ekoizpenak eragiten du. Ez da gutxi.

Hala, produktu bat eskuartean hartzen dugunean badakigu zein den prezioa eta barruko osagaiak, baina ez dakigu zenbatekoa den bere ekoizpenak eragindako aztarna ingurugiroan. Eta kontsumitzaileok informazio hori beharrezkoa dugu ingurugiroa babesten lagundu nahi badugu. 

Noski, erosketei dagokien denbora eskaintzea ezinbestekoa da erosten dugunaren jatorria eta ekoizpen katea ulertzeko; horrek ez du bat egiten erosketak azkar batean egiteko ohiturarekin. Denda ezberdinetako produktuak aztertu eta alderatu, jatorriaz galdetu eta produktu lokalekiko hautua egiteak denbora bat eskatzen du. Dena den, ohiturak aldatzen hastera animatuko bazara, hasteko hainbat gomendio eskaintzen dizkizugu jarraian: 

- SASOIKOA AUKERATU: Beharbada entsalada urte osoan jatea gustatzen zaizu, baina tomateak ez dira neguko produktua. Ezagutu zeintzuk diren sasoi bakoitzeko elikagaiak, eta gozatu une bakoitzean naturak eskaintzen duenaz. Ingurugiroa babesteaz gaiz, zure osasunerako ere hobea izango da.

- GERTUKOA IZAN DADILA: Produktu batek 6.000 kilometro baino gehiago egin baditu gure eskuetara iristeko, jada ez da ekologikoa. Berdin dio etiketak hala badio. Adibidez, Zeelanda Berriko 'bio' etiketadun kiwiak erosten ditugunean ezin dugu ahaztu fruta horrek gurera iristeko egin duen bidaia, mundua puntatik puntara zeharkatuz.

- ONTZIRATU GABE: Saiatu supermerkatu handietatik atera eta auzoetako denda txikiak bisitatzen; horietako batzuek oraindik ontziratu gabe saltzen dituzte elikagaiak. Ingurugiroa errespetatzeaz gain, merkeago aterako zaizkizu erosketak, soilik behar duzun kopurua erosiko duzulako.

- KOOPERATIBAK: Baserritar eta nekazariak batu egin dira, ingurugiroarekin errespetagarriak diren praktikak aurrera eramateko. Hala, geroz eta gehiago dira beren produktuak zuzenean kontsumitzaileei eskaintzen dizkieten kooperatiba txikiak; zure ingurukoak ezagutzen ez badituzu, albistearen amaieran sistema hau martxan jarri duen Labore kooperatibaren inguruko informazioa topatuko duzu.

Hemen zaudenez... zure interesekoa izan daiteke?

LABORE KOOPERATIBA EZAGUTZEN?