ZENBAT DIRU GASTATZEN DU URTEAN BRYAN JOHNSON ENPRESARIAK GAZTEAGOTZEKO ASMOZ?

Software enpresaria den Bryan Johnson estatubatuarrak 45 urte ditu, baina gero eta gazteagoa izan nahiko luke. Helburu hori erdiesteko, errutina zorrotza du egunerokoan eta bi milioi dolar gastatzen ditu urtean horretan. Enpresariak adierazi duenez, 37 urteko pertsona baten pareko bihotza du, 28 urteko baten azala, eta 18 urteko baten egoera fisikoa.
Blueprint du izena berak jarraitzen duen programak. Goizeko bostetan esnatzen da, 24 elikadura-osagarri hartzen ditu, eta gosari beganoa. Ondoren, zehaztutako hogeita bost ariketa egiten ditu ordubetean, eta makina bat gauzekin osatutako zukua hartzen du.
Dietari dagokionez, elikagaiak tentuz hautatzen dituzte eta intxaurrak, linazia, ekilore-lezitina, ahabiak, granada-zukua eta kalamu-haziak izaten dira osagai nagusietako batzuk.
Hortzak garbitzeko prozedura zehatza jarraitzen du eta azala ere ondo zaintzen du. Zazpi krema ematen ditu egunean, eta azido-esfoliazioa eta laser terapia egiten ditu astero.
Loari ere merezi duen garrantzia ematen dio. Beti ordu berean oheratzen da, eta pare bat ordu lehenago argi urdina blokeatzeko betaurrekoak janzten ditu.
Horretaz guztiaz gain, bizi-konstanteak monitoratzen dizkiote eta hilero hainbat medikuntza-prozedura egiten ditu, hala nola ultranoinuak, erresistentzia magnetikoak, kolonoskopiak eta odol-analisiak. Egunero neurtzen dizkiote gorputz-masaren indizea, gorputzeko gantza, odoleko glukosa-maila eta bihotz-erritmoa, izandako aldaketak ikusteko. Lo dagoela, berriz, gaueko erekzio kopurua neurtzen dute. 17 urteko semearekin odol-plasma elkartrukatzen ere hasia da.
Prozedura hau jarraituta, bere gorputzeko organoak -azala, tendoiak, zakila, garuna, gibela...- 18 urteko baten parekoak izatea lortu nahi dute. Medikuntza-gela du etxean eta hogeita hamar medikuz osatutako taldeak artatzen du, programa behar bezala jarraitzeko.
Bide berrian
Antza denez, 30 urterekin, ordainketak prozesatzeko enpresa sortu zuen Johnsonek, baina lan-kargak eta estresak gehiegizko pisua izatea eta depresioa eragin zizkion. Suizidatzeko pentsakizunak ere izan omen zituen. Negozioa saldu zuen eta beste bide bati heldu zion. Biologiaren inguruan irakurtzen hasi zen eta teknologiaren inguruan zuen ezagutza kontuan izanda, bioteknologia enpresa sortu zuen. Ondoren, garuneko jarduera aztertzeko kaskoak egiten dituen enpresa jarri zuen martxan, eta bere burua eskaini zuen akuri lanetarako.
Hortik heldu da Bryan Johnsson gaur egungo programa zorrotza jarraitzera. Zer iruditzen zaizu zuri? Dirua izanez gero, gauza bera egingo al zenuke, ahalik eta gazteen izateko?