Zenbait jatetxek zuk diru gehiago gastatzeko erabiltzen dituzten taktikak

Zenbait jatetxek zuk diru gehiago gastatzeko erabiltzen dituzten taktikak Jatekoa libreki aukeratzen duzula uste izan arren, eragiten duten hainbat faktore daude. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zenbait-jatetxek-zuk-diru-gehiago-gastatzeko-erabiltzen-dituzten-taktikak/@@download/image/pexels-pixabay-262978.jpg
2025/10/03

Testua: Maitane Legarreta

Jatekoa libreki aukeratzen duzula uste izan arren, eragiten duten hainbat faktore daude.
Zenbait jatetxek zuk diru gehiago gastatzeko erabiltzen dituzten taktikak

Jatetxera joan aurretik zer jango duzun erabakitzen baduzu edo beti gauza bera eskatzeko joera baduzu, akaso ez dizu askorik eragingo, baina aukeraketa hain argi ez dutenak zenbait jatetxeren trikimailuen eraginpean egon daitezke. Izan ere, irabaziak handitze aldera, hainbat taktika psikologiko erabiltzen dituzte. Menu ingeniaritza deitu ohi diote horri, eta zer eskatu behar duzun iradokitzeko edo haiek nahi dutena aukeratzeko menua, giroa eta ingurunea tentuz prestatzen dute, aurrez ondo pentsatuta. Hauek dira zuk diru gehiago gasta dezazun erabiltzen dituzten zenbait amarru:

  • Diruaren sinbolorik ez jartzea.
    Euroa edo dagokion monetaren sinboloa ez agertzeak diru gehiago gastatzen laguntzen du Cornell Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera. Prezioa idatziz azaltzen bada ere, gutxiago gastatzen omen da. Antza denez, ordainketaren inguruko pentsamendua uxatzea izaten da kontua. Prezioak jartzean, borobilak izatea ere komenigarria izaten da.
  • Plateren inguruko deskribapenak.
    Deskribapen zehatzak dituzten platerak gehiago kontsumitzen dira. Deskribapenak gero biziko duen esperientzia aurreratzen dio kontsumitzaileari, eta ondoren asebeteago sentitzen da. Zenbat eta adjektibo gehiago, orduan eta hobe beraz.
  • Familia eta nostalgia sentipenak piztea.
    Plateren izenek ere badute garrantzia, eta familiaren inguruko erreferentziak izateak bezeroak erakar ditzake. Nostalgia eragiteak funtziona lezake, esaterako "Amonaren baratxuri zopa" edo "Izeba Joxepiren lasagna" izendun platerekin.
  • Menuen diseinu grafikoa. 
    Beltzez agertzen diren platerak, tipografia edo kolore dotoreak erabiltzea edota irudiak sartzea izaten da joeretako bat, plater batzuk nabarmentze aldera. Hala ere, goi-mailako jatetxeek halakoei uko egiten diete askotan, soiltasuna leheneste aldera.

  • Plater garestiak erabili, besteak aukeratzeko.
    Menuan plater garestiak sartzean, gainerakoek merkeak dirudite alderaketan. Hortaz, garestiena ez aukeratuta ere, merkexeagoa dena zentzuzkoa edo zentzuzkoagoa irudituko zaie mahaikoei.  
  • Platereko janari kopurua. 
    Bezeroek ez dute jakin ohi plater txikien janari kopurua zenbatekoa den, eta, hortaz, janari kopuruaren eta prezioaren arteko loturan, aukera hobea dela uste izaten dute, merkeagoa delako. Askotan, ordea, jatetxeak janari kopuru txikia saldu nahi izaten du, eta plater handiagoak prezioen alderaketa egiteko erabiltzen dituzte.
  • Plateren kokapena menuan.
    Batzuek arreta emandako lehen platera eskatzeko joera izaten dute, eta normalean lehenak izaten dira hobekien gogoratzen ditugunak. Hori dela eta, errentagarrienak diren platerak goialdean, eskuinaldean, jartzen dituzte. Plater beraren hiru bertsio daudenean, berriz, bezeroek erdikoa aukeratzeko joera izaten omen dute, eta, hortaz, errentagarriena kokatzen dute tartean.

  • Musika interesen arabera hautatzea. 
    Musika klasikoa jarrita dagoenean, bezeroak aberatsagoak sentitzen omen dira, eta gehiago gastatzen omen dute. Pop musika dutenetan, berriz, gastua %10 txikiagoa izaten omen da. Bestetik, bezero gutxi daudenean musika lasaia jartzea izan daiteke taktika, eta jende asko dabilenean, berriz, kontrakoa, jendeak erritmo azkarragoan jan dezan, mahaiak libratu eta jende gehiago artatu ahal izateko. Tokiaren argiek eta dekorazioak ere badute zerikusia eta kontuan hartzen dituzte.
  • Jatorria edo tokia zehaztea.
    Plateraren izenean toki baten izena edo jatorria aipatzeak, izen italiarra jartzeak adibidez, bezeroen arreta bereganatzen du, eta haiek plateraren zaporea eta haren ezaugarriak nabarmentzea eragiten du.