Zelaitik bulegora

Zelaitik bulegora https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zelaitik-bulegora/@@download/image/201210307168ism_1360147466.jpg
2012/11/02
elkarrizketa
Zelaitik bulegora
Talde batetik bestera ibili zen, nahi eta ezin, egonkortasuna lortu zuen arte. Denetarik izan du Ismael Urzaizen ibilbideak, baina nork esan zuen futbolari izatea erraza zenik? 

Futbolean nola hasi zen ez dakien arren, urte gutxian ikaragarrizko saltoa egin zuen Tuterakoak. Hamabost urterekin Madrilera joan zen Real Madrid taldearen harrobian haztera; berak hartutako erabakia izan zen, Osasuna eta Zaragoza taldeek ere interesa erakutsi baitzioten, eta familiagandik urrun baina pozik aritu zen.

Lehen Mailan jokatzeko prestaketa aldia izan zen ordukoa, eta debuta Real Madrilen egitea gustatuko litzaiokeela aitortzen badu ere, Albaceterekin egin zuen utzitako jokalari moduan, hogei urte zituela, Athletic-en aurkako partidan, hain justu. Lau urteko gora-behera aldia etorri zen segidan, bere ibilbideko hilabeterik gogorrenarekin batera: "Madrilek ez ninduen nahi, ezta beste inork ere". Celta de Vigo, Rayo Vallecano eta Salamanca taldeetan jokatu zuen epe motzean, eta 1996an, azkenik, Athletic-ek fitxatu zuen.

Egonkortasuna aurkitu zuen bertan, eta bereziki azken denboraldia du gogoan: "Taldea oso gaizki zebilen, baina nire esku zegoen guztia eman nuen mailaz jaitsi ez gintezen, eta jendeak egindako lana aintzat hartu zuen". Hala ere, azken partidak Herbeheretako Ajax taldean jokatu ostean erretiratu zen orain lau urte.

Gaur egun...


Kosta egin zitzaizun futbola uzteko erabakia hartzea?
Bizitza berri bat hasteko gogoa nuen.

Zertan zabiltza uneotan?
Jokalari eta entrenatzaileen ordezkari-agentzia bat dut: Urzaiz&Abando; Football Agency.

Futbola, beraz, ez duzu erabat alboratu…
Ezta pentsatu ere! CD Getxo taldearen entrenatzailea izan nintzen iazko denboraldian, eta Hirugarren Mailara igotzea lortu genuen. Lorpenak ikaragarri asebete ninduen, baina aurten ez dut entrenatzaile lanetan jarraituko.

Jokalari ohi batentzat ez da erraza izango partida kanpotik ikustea.
Ez, baina hor egoteak mesede egin dit, eta nor naizen jakiten lagundu dit.

Aireko jokoan errege zinen, baloia buruz kontrolatzerako orduan ez zenuen parekorik.
Oso burugogorra izan naiz betidanik, horrek zerikusirik izango du, ziur.

Eta etorkizunera begira jartzen bagara?
Agente lanetan jarraituko dut. Nire bezeroek bizi duten horretatik pasatakoa naiz, eta badakit haiei alderdi guztietan laguntzeko gai naizela.