Zein da zure kolorea?

Zein da zure kolorea? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zein-da-zure-kolorea/@@download/image/70p42_1.jpg
2007/01/05
erreportajea
Nerea Lizarralde
Zein da zure kolorea?
Pitagoras, Platon, Aristoteles, Bacon, Isaac Newton, Albert Einstein… pentsalariak aspaldi ohartu ziren koloreek gugan duten eraginaz. Gaur egun, publizitate mundua da eragin horren adibide garbiena, kolorea bihurtu baita saltzaileen arma limurtzaile indartsuena. Eta zu, zein da zure kolorea?

Marka komertzial askok kolore batekin lotzen dituzte beren produktuak, eta mezuak eta emozioak saltzen dizkigute kolore horien bidez. Eta guk ere, arropa erosten dugunean adibidez, koloreak aukeratzen ditugu inkontzienteki. Hala, kolore horiek asko esaten dute gutaz: azken batean, gure gogo-aldartearen eta izaeraren isla dira.

Kolore bakoitzaren esanahia aztertuko dugu ondoren. Zuk zein kolore erabiltzen duzu gehien? Zein koloretako arropa janzten duzu? Zein da zure kolore gustukoena?

Gorria

Gorriak erakartzen bazaitu, pertsona urduria, ausarta eta aktiboa zara. Anbizioa ez duzu falta, eta gauza bat desio duzunean, berehala lortu nahi izaten duzu. Onena izan nahi duzu gauza guztietan, eta zure ingurukoen begiradak erakartzea gustuko duzu. Hala ere, besteei entzuten ikasi behar zenuke, noiz edo noiz, bihotz gabe samarra zarela pentsa dezakete bestela. Gorria indarraren sinboloa da, eta horrexegatik, sexua eta erotismoa oso garrantzitsuak dira zuretzat. Ausarta eta irekia zara, baina gauzak zuk nahi duzun bezala ateratzen ez direnean, jasangaitz jar zaitezke.

Arrosa

Maitakorra eta ulerkorra zara, eta izaera tolerantea duzu. Hala ere, borondatea falta zaizu, eta maitasun istorioak kontrolatzen ez dituzunean, ahuldu eta tristetu egiten zara. Ingurukoen laguntza handia behar duzu beti, eta batzutan, umeen antzera jokatzen duzula ematen du. Zeure burua onartzen eta maitatzen ikasi behar duzu: zeure buruarengan konfiantza hartzen duzunean, besteentzako ezin erakargarriagoa izango zara.

Laranja

Trebea eta aktiboa zara, baina, era berean, oso pazientzia gutxi duzu. Motibazio eta independentzia handiko pertsona zara, eta antolatzaile lanetan aparta izan zaitezke. Izaera praktikoaren eta sormenaren kolorea da zurea: pertsona nekaezina zara.

Horia

Interesgarria eta estimulatzailea zara, eta oso gustuko duzu zure inguruko errealitatean inplikatzea. Oso pertsona bizia zara, eta badakizu arazoei aurre egiten. Naturaltasuna, poza, bizi-poza, aktibitatea eta komunikazioaren sinboloa da horia. Berritzailea eta modernoa zara, ideia berriak garatzeko gaitasuna duzu.

Berdea

Atsedena, itxaropena eta naturaren ko-lorea. Zuhurra zara, eta ez zara erraz fidatzen ingurukoez. Bizitzaren behatzaile edo ikuslea zara, baina gehiegi inplikatu gabe, bizitza lasaia atsegin baituzu. Bihotz onekoa eta sentikorra zara, beti zaude ondokoak laguntzeko prest. Xehetasunak eta gauza txikiak garrantzitsuak dira zuretzat.

Beltza

Borondate indar handia duzu, zeure iritzi propioak dituzu eta diziplinatua zara, baina agian, zorrotzegia eta independienteegia izan zaitezke. Baliteke bi ezaugarri hauek zere buruarengan duzun konfiantza eta segurtasun falta ezkutatzeko teknikak izatea. Horregatik janzten zara beltzez. Zure benetako identitatea ezkutatu nahian ote zabiltza?

Marroia

Zintzoa eta errealista zara. Bizitza planifikatzeko joera duzu, baina gozatzen ere badakizu. Pertsona sentsuala zara, lagun onak izugarri maite dituzu, eta ondo jatea gustatzen zaizu. Marroia babeslea da: babes emozionala lortu nahi duzu, eta besteek zu onartzea nahi zenuke.

Txuria

Optimismoa, oreka eta baikortasuna dira zure ezaugarri nagusiak. Indibidualista samarra zara, bakardadeaz gozatzen duzu besteen presioa gorroto duzulako. Bizimodu lasaia bilatzen ari zara.

Grisa

Neutralitatea. Indibidualista zara, dena zuk egin behar duzu. Zure lagunek zu zeu bakarrik ondo moldatzen zarela pentsatzen dute, baina ez da horrela.

Estresatuta ibiltzen zara askotan, eta ar-nasa hartu behar duzula sentitzen duzu; horrexegatik, ihes egiten diezu konpromisoei. Atsedena, askatasuna eta lasaitasuna behar dituzu.

Urdina

Adimena, jakinduria, espazioa eta urarekin identifikatzen dugu urdina. Urdinak jarrera ona eragiten du inguruko jendearengan, eta armonia, oreka eta fideltasunaren kolorea ere bada. Imaginazio handiko pertsonei gustatzen zaie kolore hau, eta baita gauzak inolako presarik gabe egitea gogoko dutenei ere.

Bioleta

Sentibera eta bihozbera zara. Intuizio handia duzu, eta harroputza zarela ematen du batzutan, soilik onena gustatzen eta interesatzen zaizulako. Espiritualtasuna ezaugarri garrantzitsua da zuretzat. Izan ere, bioleta atsegin duten pertsona batzuk oso erlijiosoak izaten dira, eta besteek, berriz, meditazioaren bidetik jotzen dute.