Zein da turismo espazialaren lorratz ekologikoa?

Zein da turismo espazialaren lorratz ekologikoa? Jarduera espazialak geroz eta ohikoagoak bihurtzen ari dira. Errazena litzateke espazioan gertatzen denak ez digula eragiten pentsatzea. Eragiten digu ordea, eta sekula baino begi-bistakoagoak dira dakartzan ondorioak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zein-da-turismo-espazialaren-lorratz-ekologikoa/@@download/image/AP21201496267405.0.jpg
2021/07/26

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Jarduera espazialak geroz eta ohikoagoak bihurtzen ari dira. Errazena litzateke espazioan gertatzen denak ez digula eragiten pentsatzea. Eragiten digu ordea, eta sekula baino begi-bistakoagoak dira dakartzan ondorioak.
Zein da turismo espazialaren lorratz ekologikoa?

Azkenaldiko albisteetan asko aipatu da turismo espaziala bereganatzeko xedean Jeff Bezos eta Richard Branson dirudunek elkarren artean duten lehia. Pasa den uztailaren 20an espaziora joan da Jeff Bezos eta uztailaren 11ean Branson-ek berdina egin zuen. 

Bi hegaldiek sekulako oihartzun mediatikoa izan dute, batez ere, sekulako marketin maniobrak direla erakutsiz. Helburua: arreta bereganatzea. 

Turismo espaziala espazioa demokratizatzeko promesarekin heldu da; eta esaldi hau, mantra bat bezala errepikatzen bada ere, benetan ez da horrela. Ez bakarrik espazioko turismoa gutxi batzuen eskura dagoelako oraindik, baita honek dakarren eragin ekologikoagatik ere, orokortuko balitz bederen. 

Biztanleria, oro har, barneratzen ari da hegazkin gutxiago eta tren gehiago hartzearen ideia, edota haragi gutxiago jatearena; hori baita ekologia zaindu nahi badugu egin beharreko gauzetako batzuk. Bitartean, turismo espazialaren ideia zabaltzen ari da modu oso kutsakorrean. 

Izan ere, espaziora iristea oso garestia da (baita) energiari dagokionez (ere), eta hain justu, energia ez dugu soberan. Erregai fosilak dira aldaketa klimatikoaren funtsa, nahiz eta energia berriztagarriek eta nuklearrek ere badituzten euren arazo eta mugak. Beraz, bai, espaziora iristeak sekulako karbono igorpenak ditu ingurumenean. 

Oraindik ez da, ordea, behar beste ikertu zenbateraino eragina duten. Suziriak jaurtitzerako garaian, atmosferaren gorenean gasak zabaltzen dira eta horrek ozono geruzan eragin negatiboak ditu. Suziri jaurtiketak maiz egingo balira, jaurtitzen dituzten gasek berotegi efektua sortzen lagunduko lukete. 

Izan ere, mota askotako erregaiak erabiltzen dituzte eta horietako batzuk kutsakorrak dira. Berri on bezala gehitzekotan, aipatu jaurtiketa sistema berrietan erregaia likidoa izan ohi dela, eta hauek solidoek baino arazo gutxiago sortu ohi dituztela. 

Suziriek orbitaren puntu ezberdinak izan ohi dituzte jomuga bezala. Bidaia espazial turistikoek ordea, orbitaren azpiko hegaldiak dira. Hau da, ez dira orbitan sartzen, baizik eta 80-100 km-ko alturan mantentzen dira orbitatik, zero grabitatea esperimentatuz istant txiki batez, eta ondoren berriz ere Lurrera erortzen dira. Orbitaren azpiko hegaldi batek orbitan sartzen denak baino askoz ere energia gutxiago behar du. Horregatik, bere kostua eskuragarriagoa da eta uzten duen lorratz ekologikoa murritzagoa. 

Egun, urtean 100 suziri jaurtitzen dira. Horrek dakarren karbono lorratza 100.000 hegazkinek egunero munduan uzten dutena baino txikiagoa da. Baina sektore espaziala hazkuntza handi bat bizitzen ari da. Hori dela eta, utzi lezakeen lorratz ekologikoa esanguratsua izatera iritsi liteke. Beraz, beharrezkoa izango da hau kontuan hartzea, eta garapen teknologikoan soilik ez pentsatzea horrelako ekimenak bultzatzerakoan, etorkizunean damutu ez badaugu damutu nahi behintzat.