Zein da Robert B. Wide Interneteko meme-bideoetan gehien izendatzen den zuzendaria?

Google-en “directed by” jarriz gero automatikoki bilaketa ohikoenetan “Robert B. Wide” azaltzen da. Wide Curb Your Enthusiasm telesailaren zuzendaria da eta oraindik ez daki inork nola pasa den sare sozialetako bideo surrealistak ordezkatzera.
Askotan memeak meme dira arrazoi erabat aleatorioengatik. Hain justu, askotan meme hitza zerbait tonto edo zentzurik gabekoa bezala definitzeko erabiltzen den kontzeptua da. Halere, askotan istorio interesgarri bat edukitzen dute atzetik egungo gailu kultural hauen konplexutasuna ulertzeko baliagarriak direnak.
Horren adibide da Curb Your Enthusiasm telesaileko kredituen atzean dagoen istorioa. Estreinatu eta 20 urtetara milaka eta milaka bideo-meme sortzen ari da bere kontura. Robert B. Wide bera izan da lehen harritua eta horrela zioen aste honetan bertan Twitterren: “Zoratzeko zerbait ikusi nahi duzue? Joan Google-era eta jarri “Directed by” eta ikusi zein den lehen iradokizuna”. Zuzendariak esan duenez berak ez daki ezer honetaz, noizean behin bideoak iristen zaizkio, baina ez du ulertzen nolatan bihurtu den fenomeno hau horren biral.
Curb Your Enthusiasm telesaila 2000. urtean estreinatu zuen HBO kanalak eta 2017an bederatzigarren denboraldia aireratu da. 2020rako esperoko da hamargarrena aireratzea. Larry David-ek idatzitako telesailean bera da protagonista eta erdi erretiratua dagoen telebista aurkezle bat gorpuzten du. Pertsonaia hau apala da, neurotikoa eta kode etiko zurrunak ditu, eta hain justu horiengatik egoera deserosoetan sartzen da.
Ez da zaila irudikatzea umorezko telesail baten kredituak memegintzan erabiltzera nola iritsi diren. Batzuetan ordea, zaila da jatorria aurkitzea. Zorionez, kasu honetan badago arrasto digitala. Kreditu hauen lehen erabilera 2011. urtean eman zen. Nikolaj Christensen youtuberra izan zen La Niebla filmaren bukaerari telesailaren musika jarri baitzion irudi dramatikoei musika komikoa ezarriz. Halere, bertsio honek ez du egungo bideo-memeen egitura sintaktiko berdina eskaintzen.
Beraz, jatorria 2015ean koka dezakegu. Jason Richards sortzaile kanadarrak Twitter kontua ireki berri zuen eta zale baten ahots histrioniko baten bideoarekin bota zuen lehen txioa. Bideoan Saturday Night Live telebista programako kapitulu bat azaltzen da non Donald Trumpek eta Larry Davidek berak konpartitzen duten platoa. Ondoren, zoom bat egiten du Larry David beraren telesailaren musika entzuten den bitartean eta ondoren telesaileko kredituak azaltzen dira, hortxe dago Robert B. Wide.
Egungo kulturan cringe (lotsagarri eta deserosoa dena adierazteko kontzeptua) momentuak denbora osoan gertatzen dira. Horrela, 90. hamarkadan lehen pertsonan grabatutako bideoak ohikoak bihurtzen hasi baziren, egun masiboa da. Bitxiena ordea, orain dela 20 urteko egitura komiko berbera berrerabiltzen da honen milaka mutazio sortuz. Komediaren demokratizazioa.