Zein? Abestiak fotogrametan

Zein? Abestiak fotogrametan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zein-abestiak-fotogrametan/@@download/image/47p30-1_1367522550.jpg
2004/12/03
erreportajea
Asier Mendizabal
Zein? talde bilbotarraren bigarren lana kalean da. Duela urte eta erdi "Seirehun eta bi" izeneko lehenengo diskoa kaleratu zuten, eta oraingoan "Photograma" izenekoa kaleratu dute.

Ama say desagertu zenean sortu zen Zein?, duela 8 urte. Gontzal bateria jotzailea, Kepa ahotsa eta gitarra, Joakin gitarra jotzailea eta Julio baxu jotzailea dira gaur egun Zein?. Urte hauetan, baina, beste hainbat lagun ere izan dira taldekide.

Rock-a, pop-a, swim-a eta hard-rock-a dute gustuko, eta musika estilo horien eta beste batzuen eragina nabari da beraien musikan. Hala ere, oraingoan pop musikaren ukituak nabariagoak dira, eta blues-aren eragina ere somatzen da. Beti bezala, esperimentazioari ere tarte egin diote. Izan ere, Kepa abeslariaren ustez, hori da funtsa. "Guretzat garrantzitsuena musikak sexualitatea izatea da, halako puntu heze edo izerditsua", esan digu Kepak. Ez dira musikatik bizi, baina musika egitea denborapasa baino gehiago dela diote. Musikarako sena dute, eta musikaren bidez barruko sentsazioak azaltzen dituzte.

Ondarruko IJM estudioetan grabatu dute diskoa, eta PiLTko Xampe aritu da ekoizle gisa. Sagarroi eta Joxe Ripiau taldeetako Asier Ituartek tromboia sartu du diskoan. Kepak esan digunez, "beti sartu nahi izan ditugu haize tresnak, eta Asierrek primerako lana egin du. Lehen aipatutako puntu heze eta sexuala ematen diola uste dugu".

Kepak berak konposatzen ditu hitzak. Horretarako, abesti bakoitzari balizko letra bat baino gehiago egiten dio, eta ondoren gustukoena aukeratzen dute. Gainera, zuzeneko kontzertuetan modu batera edo bestera abesten du, esperimentazioari leku eginez. "Photograma" diskoa dendetan eskura daiteke, baina Metak diskoetxeak internetetik jaisteko aukera ere eskaintzen du. Kantu solteez gain, disko osoa ere jaitsi daiteke.