Zegama-Aizkorri mendi maratoiak munduko korrikalari onenak ekarriko ditu gurera

Zegama-Aizkorri mendi maratoiak munduko korrikalari onenak ekarriko ditu gurera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zegamaaizkorri-mendi-maratoiak-munduko-korrikalari-onenak-ekarriko-ditu-gurera/@@download/image/20115272534Kilian_Jornet_Zegama.jpg
2012/12/13
berria
Zegama-Aizkorri mendi maratoiak munduko korrikalari onenak ekarriko ditu gurera
Igande honetan –maiatzak 29– jokatuko den proba Skyrruner World Series Munduko Txapelketarako puntuagarria izango eta 514 atleta ekarriko ditu gurera, tartean, Kilian Jornet kataluniarra eta Emmanuela Brizio italiarra, munduko onenak gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan, hurrenez hurren.

Zegama-Aizkorri mendi maratoiak hamargarren urteurrena du aurten. 2004az geroztik Mendi Lasterketen Munduko Txapelketarako –Skyrunner World Series– puntuagarria den proba honek 5.472 metroko desnibela pilatzen du 42,195 kilometroko ibilbidean zehar.

Tankera honetako lasterketen artean enblematikoenetakoa da, atletek galdu nahi ez duten horietakoa. Aurten, 2.200 aurre-inskripzio jaso dituzte antolakuntzakoek eta, azkenean, 514 korrikalari lehiatuko dira. Horien artean, mundu mailako rankingetan lehen postuetan dabiltzan Kilian Jornet kataluniarra gizonezkoetan eta Emmanuela Brizio italiarra emakumezkoetan. Kilian Jornet laugarren garaipenaren bila irtengo da gogotsu, iaz egindako elkarrizketa batean aitortu zigun Zegaman izaten den "giro berezia" ez duela beste inon topatu mundu osoan.

Hauekin batera, Miguel Heras, Ricky Lightfoot, Aitor Osa, Stephanie Jimenez eta Oihana Kortazar txapeldunak ere ibiliko dira maldetan gora korrika. Eta bidezidorren bazterretan, ehunka lagun pilatuko dira animatu eta espektakuluarekin gozatzeko.

Maratoia Zegama herritik abiatzen da (296 metro), Otzaurte gainera heldu (652 metro) eta, segidan, Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri tontorrak batzen dituen bidea jarraitzen du ondoren, berriz ere, herrira jaisteko.