Zea Mays, Skakeitan, Merina Gris, Ezpalak eta La Furia izango dira Donostiako Aste Nagusi Piratan

Aste Nagusi Pirata girotuko duten musikarien zerrenda jakinarazi dute Donostiako Piratek. Eurek azaldu dutenez, "atzoko eta gaurko taldeak" bildu dituzte aurtengo jaien egitarauan, Biba festa! Biba eraldaketa! lelopean. Guztira hamazazpi talde izango dira Flamenkan.
Laiotz taldeak emango die hasiera kontzertuei abuztuaren 13an, larunbatean. Hurrengo egunean, Iruñeko Kerobia eta bertako Physis vs Nomos taldeak arituko dira. Hain zuzen ere, azken hauek egin dute hogeigarren urteurrena ospatzeko kantua eta bertan joko omen dute.
Abordaiaren egunean, hilaren 15ean, Broken Brothers Brass Band-ek girotuko du arratsaldea, eta Zea Mays eta Bad Sound System taldeak arituko dira gauean. Biharamunean, hilak 16, Alargun Beltzak eta DJ Miau-ren txanda izango da. Hilaren 17an, asteazkena, agur biran murgilduta dabilen Skakeitanek joko du, eta 3Gabe2 taldeak borobilduko du gaua.
Abuztuaren 18an, Ezpalak taldea eta Niña Coyote eta Chico Tornado igoko dira oholtzara. Ostiralean, hilak 19, La Furiak eta Merina Grisek hartuko dute lekukoa, eta azkenik, abuztuaren 20an, Dupla, Alviva eta Brava taldeek emango diote amaiera kontzertu-sortari.
Hogeigarren urteurrena ospatzeko kantua
2003an abiatu zuten Piraten mugimendua Donostian, Aste Nagusiaren eredua ezbaian jarri eta jai herrikoiak aldarrikatzeko asmoz. Hogei urte hauetan kantu batzuk izan ditu ekimenak bidelagun, 2004ko Jon Elizalderen Abordatzera eta 2012ko Mundu berri baten mapa, Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek eta Skakeitan taldeak sortua.
Aurtengoan, hogeigarren urteurrena ospatze aldera, Aurtzaka goaz abestia kaleratu dute. Beñat Antxustegi da abestiaren egilea, eta Markel Ormazabal eta Eneko Sierraren laguntza izan du hitzetan. Moldaketa, berriz, Antxustegi, Sierra, Unai Pelayo, eta Xalba Ramirezek osatutako Physis versus Nomos talde donostiarrak egin du. Antxustegiz gain, hiriko beste musikari batzuek ere parte hartu dute ahotsetan: Sara Zozaya, Garazi Esnaola eta Gartxot Unsain.