Zea Mays itzuli da!
Zea Mays zalea bazara laster euren zuzenekoaz gozatzeko aukera izango duzu berriz ere. Aiora Renteriak minbiziari aurre egiteko atseden hartu ondoren, bueltan da talde bizkaitarra. Apirialen 9an Bilbon, Santana aretoan, arituko direla iragarri dute. Sarrerak bihar, 12:00etatik aurrera, jarriko dira salgai eta ekitaldi honekin euren 25. urteurrena ospatuko dute.
Zea Mays eszenatokietara itzuliko da. Azaroan, musika aldi baterako utziko zuela iragarri zuen taldeak, Aiora Renteriaren minbiziari aurre egiteko, eta orain, "atseden hartu ondoren eta zaintza pertsonalari denbora eskaini ostean", kontzertua iragarri dute apirilaren 9rako Bilbon.
Santana aretoan izango da emanaldia eta sarrerak asteazken honetan, 12:00etan, jarriko dituzte salgai. Kontzertu horrekin, gainera, euren 25. urteurrena ospatuko dute.
Izan ere, ’25 joan dira ta!' ekimena antolatu dute, beren 25. urteurrena ospatzeko. "Oraingoan, gainera, etxean izango gara eta ilusio berezia egiten digu ekitaldi hau Zea Mays familiarekin partekatzeak", azpimarratu dute sare sozialetan publikatutako mezu batean.
Horrez gain, azken hilabeteotan "proiektu berrietan" lan egiteko aukera izan dutela eta datorren martxoaren 3an single berria kaleratuko dutela jakinarazi dute.

