Zea Mays eta Iñigito Txapelpunk BEC! MTV Europe Music Awards ekitaldian

Zea Mays eta Iñigito Txapelpunk BEC! MTV Europe Music Awards ekitaldian Barakaldoko BEC! erakustazokan izango den EMA Sari ekitaldian euskal musika entzuteko aukera izango dute bertaratzen diren milaka pertsonek zein nazioarteko komunikabideen bidez emanaldia jarraituko duten milioika ikusleek ere. https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2017/12/28
Barakaldoko BEC! erakustazokan izango den EMA Sari ekitaldian euskal musika entzuteko aukera izango dute bertaratzen diren milaka pertsonek zein nazioarteko komunikabideen bidez emanaldia jarraituko duten milioika ikusleek ere.
Zea Mays eta Iñigito Txapelpunk BEC! MTV  Europe Music Awards ekitaldian

Bilbao Exhibition Centre Barakaldoko erakustazokak MTV Europe Music Awards sariak (EMAs) banatzeko ekitaldia hartuko du 2018ko azaroaren 4an eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak jakinarazi duenez, Europako musika onena saritzeaz gain, bestelako ekitaldi garrantzitsu gehiago ere hartuko ditu, bai kultur eta kirol alorrekoak ere.

Ekitaldi horien artean, Zea Mays eta Iñigito Txapelpunkek zuzeneko berezi bat eskainiko dute. “EMA Sariak azken urteotako mugarri garrantzitsuenetakoa izanik, gaur egungo Euskal Herriko musika eszenaren kalitatea agerian utziko dituzten artistak aintzat izan ditugu”.

Zea Mays taldeko Aiora Errenteriak eta Iñaki Imazek adierazi dutenez “Gure 20 urteko ibilbidearen urteurrenari amaiera emateko kontzertu ahaztezina izango da”. Bestetik Iñigito Txapelpunkeren esanetan “BEC!ekoek ilea gorriz tindatzeko eskatu didate euren irudi korporatiboarekin bat egiteko, baina oraindik ez dakit ze arropa jantziko dudan egun horretan. Azken uneko erabakia izango da”.

 

Hego-mendebaldeko Europako, Ekialde Hurbileko eta Afrikako Viacom International Media Networks-eko President & Managing Director Raffaele Annecchinoren hitzetan, “Bilbo hiririk egokiena da 2018ko ekitaldia hartzeko. Bilbotarrak beraiek eta hiriaren zerizana, kultura, sukaldaritza eta kemena konbinazio biribila dira; izan ere, alderdi horiek, MTVk esperientzia eta une paregabeak, izarrez beterikoak, eskaini eta sortzeko duen gaitasunarekin batera, 2018ko MTV EMA Sariak ahaztezin egingo dituzte gure jarraitzaileentzat”. 

Era berean, Bilboko alkate Juan María Aburtoren ustez, “oso gertaera berezia da eta datorren urtean ahaleginak egin beharko ditugu Londresen bizi izandako gala zoragarriaren mailara iristeko. Ziur nago Euskal Herriko artista gailenen emanaldiaren eskutik lortuko dugula!