Zea Mays, basamortutik harrobira

Zea Mays, basamortutik harrobira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zea-mays-basamortutik-harrobira/@@download/image/26p11-2.jpg
2003/01/03
elkarrizketa
Julen Azpiarte
AEBtako hard rock taldeek basamortura jotzen dute inspirazio bila. Elektrizitate sorgailua alokatu, garagardoak hartu eta gau osoa irauten dute basamortuan inprobisazio saioak egiten. Zea Mays talde bizkaitarrak antzera egin du: harrobira abiatu da. Lan horrek fruitua eman du: "Harrobian" disko-liburu kontzeptuala. GAZTETXULOk Aiora kantariarengana jo du.

Nola bururatu zitzaizuen "izaki-gizaki baten bizitza, jaiotzatik heriotzaraino" kontatzen duen diskoa egitea?
"Elektrizitatea" diskoa aurkeztu ondoren, beste abesti batzuk egiten hasi ginen eta euren artean antzekotasuna zutela konturatu ginen. Kantu haietariko batek zerbaiten jaiotza zela zirudien. Jaiotza eta hiltzoria pertsona baten bizitza dira, eta istorio hori kontatzea pentsatu genuen. Bestalde, iaz Bermeoko harrobi batean egindako jai batean parte hartu genuen eta lekuaren zabaltasunak harrituta utzi gintuen. Beraz, harrobia eta istorioa nahasten hasi ginen. Horren ondorioz, martxoan Ereñoko harrobira joan ginen, elektrizitate sorgailu batekin, eta 16 pistadun batean grabatu genuen. Han jotzea sentsazio ikaragarria izan zen.

Izaki-gizakiaren istorioa kontatzeko, Kirmen Uribe idazlea izan duzue ondoan. Nolakoa izan da harekin lan egitea?

Ipuina guk idatzi genuen. Testua zuzentzeko idazle bati ematea otu zitzaien disketxeko arduradunei eta Kirmen Uriberi komentatu zioten. Berak onartu egin zuen eta ipuinari arintasuna eta literatur ukitua eman dio. Guk asko eskertzen diogu bere denbora eta talentua gurekin erabili izana. Musika eta letrak, bestalde, guk egin ditugu, Itoiz-en "Hilzori II" abestia izan ezik.

Nola funtzionatzen dute kantu berriek zuzenekoetan?

Aldaketa nabaritu dugu, jende ezberdinarengana heldu garela ikusi dugu. Oraingoz, harrera oso ona izan da, agian Zea Mays gaur egun ezagunagoa delako, edo pixkanaka gure musika estiloa finkatuagoa eta argiagoa delako.

Webgunea ere sareratu duzue oraintsu eta diseinua "Harrobian" lan horretan oinarritzen da. Musika talde batentzat webgunea izatea hain garrantzitsua al da?

Harrobia ikustea ezinbestekoa zen. Gaur egun musika talde batentzat oso garrantzitsua da interneten egotea. Sareak jendearekin harreman zuzena izateko aukera ematen du eta taldea hedatzeko modurik aproposena da. Edozein musika talderen diskografia, biografia eta informazioa klik batekin eskuratu ahal izatea zoragarria da.