Ze plan astebururako?

BILBO: GATIBU
Atlantikoa zeharkatu eta distantzia hartzeak ematen duen perspektiba aldaketaz baliatuta, Gatibu taldeak Azken indioak beren ibilbide oparoko zortzigarren diskoa argitaratu berri du. Texasen izan da laukotea grabatzen; zuzenean lan berria ezagutzeko aukera duzu asteburu honetan, 11ean eta 12an, 20:45ean, Santana 27n. Ez galdu aukera!
ARETXABALETA: Rita
Frank, Unibertsitateko literatura irakasleari, ikasle berri bat etorri zaio: Rita, ile apaintzailea. Bi mundu aparte. Ikasleak, Macbeth taberna baten izena dela uste du eta Hamlet, berriz, zerbeza marka bat. Irakaslea etsiak jota dagoen poeta da, amore emandakoa, baina Ritaren agerpenak berpiztuko du. Ikasleak ikastea maite du eta irakasleak maitatzen ikasiko du. Sarritan ikaslea bera izan ohi da irakaslerik onena. Ez galdu Txalo Produkzioen lan berri hau, Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza protagonista, Zaraia aretoan, ostiralean, hilak 11, 22:00etan!
ARRAST-LARREBIEU: Maskarada Ürrüstoi Larrabilen
Urdiñarbeko gazteen maskarada ikusi nahi duzu? Ez galdu aukera! Igandean izango da, hilak 13, 10:00etan hasita, plazan:
- 10:00etan : barrikadak
- 15:30etan : maskaradak
Argazkia: Séverine Dabadie.
GASTEIZ: Izaki Gardenak + Moby Dick
Adi! Sekulako plana Gasteizen larunbat honetan. Jon Basagurenek eratutako taldeak Dena Oskol disko berria aurkeztuko du Jimmy Jazz Aretoan, 21:00etan; gainera, haiekin izango da Moby Dick taldea. Ez galdu!
OÑATI: Erabatera
Asteburua borobiltzeko, ez galdu EraBatera taldearen Antipodetan disko berriaren aurkezpena! Ia nahi gabe sorturiko taldea da hau. Gatibun baketak astintzen aritzeaz gain, kantu zirriborroak pilatzen joan da Gaizka Salazar azken urteotan. Etxean eta berak bakarrik landu ditu ideiak mimo handiz, biribilduz, estudio batean grabatzeko unea iritsi zela sentitu arte.
Pauso honetarako, baina, bidaideen beharra zuen eta abestien maketak musikari lagun batzuei erakusten hasi zen, proiektura batzea proposatuz. Horrela gehitu ziren Gatibun ere taldekide duen Mikel Caballero, Ken Zazpiko Beñat Serna eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza. Kontzertua igandean, hilak 13, Gaztelekuan izango da, 12:30ean, 5 euroren truke.