Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Udan bete-betean sartu gara, eta iritsi da gozatzeko garaia! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-77/@@download/image/Gaztezulo_surfa.jpg
2018/06/25
berria
Udan bete-betean sartu gara, eta iritsi da gozatzeko garaia!
Ze plan astebururako?

EIBAR: Vonda Shepard

Ally McBeal 90ko hamarkadako telesail mitikoaren jarraitzaile sutsua izandakoa bazara, ezin duzu galdu bere soinu banda ezaguna edertu zuen ahotsaren zuzeneko kontzertua! Vonda Shepard Eibarren izango da ostegun honetan, 20:30ean, Coliseo antzokian. Erabateko luxua! Iraganera bidaiatxoa egiteko prest?

MUNGIA: Hesian

Herriko San Pedro jaiak alaitzera dator Hesian taldea Mungiara ostegun honetan, hilak 28. Foruen plazan aurkituko dituzu, 22:30ean, eta onena? Kontzertua erabat doakoa izango dela! Ez galdu aukera!

 

IRUÑEA: ZAZ (SARRERAK AGORTUTA)

Kontzertu honetarako sarrerak lortu badituzu, zorionekoa zu! ZAZ Iruñeako Zentral kafetegian egongo da ostegunean, hilak 28, 20:00etan. Frantzian sekulako jarraitzaile pila dute, eta izugarri maite dituzte; ez badituzu ezagutzen, hemen duzu aukera!

 

ZESTOA: "Tomiris" + "Agur eta Dolore"

Zestoak Antzerki Astea ospatuko dute asteburuan, eta bi antzezpen eder ikusteko aukera izango duzu ostiralean, hilak 29, Zestoako Kultur Etxean, 20:00etan:

  • TOMIRIS (Atx Teatroa, 45')

TOMIRIS mendekuaren gaineko bakarkako ikuskizuna da, bakarrizketa. Ardatz nagusitzat biolentzia matxista duelarik, errealitatea eta fikzioa uztarten dituen espektakulua. Gordin bezain sentsuala, erreal bezain fantastikoa, zorrotz bezain zolia.

  • AGUR ETA DOLORE (Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroa, 25')

Energetikoki oso indartsua eta bizia den lana. Komedia. Eztanda. Bi aktoreren eta soinean jarritako maskaren jolasa eta konexioa agerian geratuko dira etengabeko sorpresa eta ezustekoen artean. Publikoarentzat esperientzia ahaztezina.

 

BILBO: Willis Drummond

Euskal testuinguruko artisten soinu-lanei zuzendutako 'Musika Atarian' programaren barruan, Willis Drummond taldea izango dugu, gaurko euskal eszenaren talde aktiboen eta ezagunenetatik bat. Emanaldia ostiralean izango da Azkuna Zentroan, 21:00etan.

 

GASTEIZ: Kortxeak & Krispetak 2018: Nøgen

Kortxeak & Krispetak musika eta zinema zikloa NØGEN taldearen kontzertuarekin amaituko da. Kontzertua 21:00etan hasiko da Falerina Lorategian. Sarrera librea da lekuak bete arte. Gozatu!

BILBO: Vetusta Morla

Guggenheim museoan kontzertu itzela eskainiko du Vetusta Morlak larunbatean, hilak 30; bertan, Mismo sitio, distinto lugar beren azken diskoko abestiak zuzenean aurkeztuko dituzte. Aukera galduko duzu? Sarrerak eskuratzeko sakatu hemen!

 

SOPELA: Tosta Banda

Asteburua erabat borobiltzeko, hurbildu igandean, uztailak 1, Sopelara; bertan aurkituko duzu Tosta Banda, 21:30ean, udaletxeko plazan, izarpean. Galduko duzu?