Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Oraingoan bai, udan sartzera goaz ate handitik! Gora San Joanak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-76/@@download/image/hoguera-reutilización.jpg
2018/06/21
berria
Oraingoan bai, udan sartzera goaz ate handitik! Gora San Joanak!
Ze plan astebururako?

EUSKAL HERRIA: UDAKO SOLSTIZIOA
Berdin du Euskal Herriko zen txokotan zauden asteburuan; larunbatean San Joan bezpera da, eta solstizioa ospatzeko, urteroko ohitura zaharrei eustea tokatzen da! Beraz, ke usaina jarraitu eta egizu salto bat gertuen duzun suan!

 

DONOSTIA: Anari, Adarra Saria
Hogei urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, kalitate maila zainduz eta hitzei garrantzia eta musikari nortasuna emanez disko sorta polita atera ondoren, Anarik jasoko du aurtengo Adarra Saria. Kantariak kontzertu bat prestatu du ostegunean, hilak 21, 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Bere ibilbide osoa errepasatuko du, gonbidatu askok lagunduta. Kontzertu hori baino lehen, Anarik garaikurra jasoko du, Marijose Rekalde eskultoreak egina, Donostiako alkatearen eskutik. Zorionak!

 

 

TAFALLA: Kultur 2018: Eñaut Elorrieta
Eñaut Elorrieta musikari eta konposatzailearen kontzertu akustikoaz gozatu nahi duzu? Tafallan aurkituko duzu ostiralean, hilak 22, Kultur 2018 egitarau zabalaren parte bezala. Gehiago jakiteko gogoz? Irakurri programazioa!

 

GASTEIZ: Azkena Rock Festival 2018
Iritsi da unea! Asteburu honetan Gasteizen ibili behar baduzu, sekulako plan rockeroaz gozatzeko aukera duzu! Iritsi da Azkena Rock Festivalaren garaia. ekainaren 22an eta 23an egingo da, Mendizabalan. Van Morrison, Hugo Race & Michelangelo Russo... Ez gelditu egitarau osoa ezagutzeko gogoekin! Bisitatu Azkena Rock Festival.

 

EUSKAL HERRIA: Musikaren Eguna
Asteburu honetan bada beste ekitaldi bat; Musikaren Nazioarteko Eguna ospatzen da larunbatean. Horregatik, adi ibili inguruko egitarauei, hainbat ekitaldi antolatu dituzte eta! Donostian, esate baterako, larunbatean, ekainaren 23an, kontzertu batzuk eskainiko dira Loiola kalean. Aurtengo kartela honako taldeek osatzen dute: Raitx, Sabin, Dr. Mahas's Miracle Tonic, Nothing Box, Nerabe, Travellin' Brothers eta Rural Zombies.

 

TOLOSA: Vendetta
Larunbatean, hilak 23
, Tolosan sekulako festa antolatu dute San Joanak ganoraz ospatzeko; Vendetta taldea gonbidatu dute Plaza Berrian zuzenekoa eskaintzera, erabateko luxua!

BILBO: Zea Mays
Igandean ere izango da zer egina; Zea Mays taldeak indarrarekin emango hasiera udari, zuzenekoa eskainiz Bilboko Xake Espazioan, 13:00etan eta doan. Galduko duzu?

 

SEGURA: "Ez da kasualitatea" bertso-saio musikatua
Lau bertsolarirekin batera bi musikari aritu ohi dira (saxoa+gitarra edo biolina + gitarra). Denok emakumeak izate horretan derrigor dago intentzio bat. Helburua noizbait halako saioak kasualitatez, urteko edozein egunetan eta pentsatu gabe ere irtetea litzateke, baina bitartean intentzio osoz antolatzen dute umorea, jolasa, gogoeta, emakumeon arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa.

Bertsolariak: Uxue Alberdi, Ane Labaka Mayoz, Alaia Martin

Gai jartzailea: Amaia Agirre.

 

DONOSTIA: Irutxuloko Hitzaren inaugurazio festa
IRUTXULOKO HITZAren lantaldeak gure Katalina Eleizegi 36ko bulegoa utzi berri du, eta Egia auzora eraman dute beren kanpalekua. Hala, hemendik aurrera Ametzagaña kaleko 19. zenbakiaren atarian izango dute erredakzioa. Pena handiz esan diogu agur urte askotan bizilagun izan dugun lan talde zoragarriari, baina ezingo genuke beren inaugurazio festa inola ere ez galdu: ostiral honetan izango da, ekainaren 22an. Bulegoa ezagutzeko aukera ederra izango duzue! Bertan lunch goxoa egingo dute 18:30ak inguruan, eta ondoren, Le Bukowskira joango dira. Izarne Zelaia bertsolariarekin hasiko da inaugurazio ekitaldia. Ondoren, Harkaitz Canok eta Ion Olanok Martiriaren postalak poesia irakurriko dute. Nerea Arriola aktoreak hartuko du erreleboa, eta umorezko bakarrizketa egingo du. Zuzeneko musikarekin bukatuko da festa, Physis versus Pelaxen kontzertuarekin. Asteburuari ongi etorria egiteko plan borobila!!