Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Euriaz nazkatu zara? Ez gelditu etxean! Egin aurre eguraldiari astebururako proposatzen dizugun planekin! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-66/@@download/image/child_rain_blog.jpg
2018/04/12
berria
Euriaz nazkatu zara? Ez gelditu etxean! Egin aurre eguraldiari astebururako proposatzen dizugun planekin!
Ze plan astebururako?

URNIETA: EuskalPod

Euskadiko Podcasting-eko lehenengo jardunaldia, EuskalPod, Urnietako Lekaio kultur etxean ospatuko da apirilaren 14ean, larunbata. Jardunaldia 10:00-20:00 bitartean garatuko da.  Doakoa eta irekia izango da interesa duen ororentzat, beraz, animatu! Informazio gehiago hemen.

 

AZPEITIA: Tremenda Jauría + Skakeitan

Sanagustin Kulturgunean sekulako zuzenekoa eskainiko dute Tremenda Jauría eta Skakeitan taldeek ostiral honetan, hilak 13, 23:00etan. Sarrerak 12 eurotan!

 

BARAKALDO: Tren geltokia

Bagatza Antzerki Jaialdiaren baitan, Zirika Zirkusek Tren geltokia obra eskainiko du Barakaldoko Bagatza auzoan, 11:30ean. Umorea, akrobaziak, dantza, akroporteak, eskujokoak... Oso bereziak eta elkarrengandik desberdinak diren hiru pertsonaia elkartuko dira tren geltoki magiko batean, baina zain dauden bitartean... Kaleko ikuskizuna, familia osoak gozatzeko.

Konpainia: Zirika Zirkus
Antzezleak: Maribel Martinez, Luis Lainez, Ainhoa Juániz

 

GASTEIZ: Ane Gebararen ipuin-kontaketa saioa: "Harriek kontatu didatena"

Ane Gebara ipuin-kontalariaren proiektu berria da Harriek kontatu didatena, eta ostiralean 21:00etan eskainiko du. Gazte sortzaileak bekaren 2017ko deialdiko lan irabazleetako bat da. Hona hemen Ane Gebara sortzaileak egitasmoaz esandakoak:

"Ipuinen munduan hasi nintzenetik, mila istorio pasa dira nire esku artean. Baina egun batean konturatu nintzen nire herriko istorioak ez nekizkiela, eta horiek direla gu egiten gaituztenak. Horien bila abiatu naiz, herri, idatzi eta ahots desberdinak ezagutu ditut eta azkenean, Arabatik bidai bat sortu da.

Ipuin-saio honetan herri desberdinetatik pasako gara eta bertan kontatutakoak eta bizitakoak, kontatuko dizkizuet.

Erlaxatu eta zatoz nirekin bidaiatzera!"

Ikuskizunaz gozatzeko GONBIDAPENA behar da. Oihaneder Euskararen Etxean topatuko dituzu!

 

ELGOIBAR: Ergela

Txalo Produkzioen antzezlan hau Elgoibarko Herriko Antzokiak ikusi dezakezu ostiralean, 20:30ean. Froga psikologiko batzuetara aurkeztuko da protagonista, diru pixka bat irabazteko asmoz. Bere arazo ekonomikoak konpontzeko diru erraza irabaztekotan joan da, baina tranpa eta iruzurra aurkituko ditu ordainetan. Psikologo misteriotsu batek galdera sorta tranpatia egingo dio, tontolapikoa urduritasunak jota utzi arte. Halabeharrez, bere onenak eman beharko ditu zoritxarreko amaierarik gerta ez dadin.

Joseba Apaolaza eta Sara Cozar dira Jordi Casanovasen komedia honen protagonistak, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean.

 

DONOSTIA: Danele Sarriugarteren Azala erre liburuari buruzko solasaldia

Danele Sarriugarteren Azala erre liburu berriari buruzko solasaldia egingo dute ostegunean, hilak 12, egilearen eta Kattalin Minerren artean. Solasaldia Ernest Luch Kulturgunean izango da, 19:30ean, eta gainera, doan!

 

BAIONA: "Gurean" dokumentalaren emanaldia

Askekintza elkarteak animalien eta festa herrikoien arteko harreman bortitza bildu du Gurean dokumentalean, eta ikusgai izango da larunbatean, hilak 14, 18:00etan, Baionako Espaiskan. Trailerra uzten dizuegu: