Ze plan astebururako?
DONOSTIA: Astindu gorputza Dabadaban
Ostiral honetan, hilak 10, festa interesgarria antolatu dute Dabadaban. Pet Fennec eta Fake Teddy taldeek gorputza astindu araziko dizute, eta ondoren, DJek girotuko dute gaua. 21:00etan hasiko dira kontzertuak, ez galdu!

BILBO: Dantzan, Zalakain
Iritsi da Martin Zalakain, Pio Barojaren Zalakain Abenturazalea nobelan oinarritutako ikuskizuna. Ander Lipus eta Harkaitz Cano batu egin dira dantza eta literatura uztartzen dituen obra hau osatzeko, eta larunbatean estreinatuko dute, hilak 11, Arriaga Antzokian. Ez galdu estreinaldia!

TOLOSA: Nagare
Logela Multimedia eta Circle of Trust bikotearen ekoizpen berria da Nagare. Dantza eta ikus-entzunezko teknologiak bat eginez datoz lan sakon eta heldua aurkeztera. Logela Multimediak eszenografia berritzaile batekin txundituko du eta Circle of Trust taldeko dantzariek ohikoa duten gorputz eta forma fisikoa gehituko dute. Emanaldia ostiralean izango da, hilak 10, Leidor Aretoan.

ELGOIBAR: Koadernoa Zuri
Hika Teatroaren Koadernoa Zuri antzezlan borobilaz gozatzeko aukera duzu ostiralean, hilak 10, 20:30ean, Herriko Antzokian. Begoña eta Arrate ahizpak dira. Hogei urteren ondoren jaiotetxean egingo dute topo, ustekabean. Arrate beheko bizilagunak deituta itzuli da, denboraldi bat baitarama hoska, soinu arraroak entzuten dituela esanez. Ama hil berria da eta hutsik behar luke etxeak. Baina Arratek Begoña aurkitzen du bertan. Ezustean.
AZPEITIA: Amentsen koloreak deskubritzeko
Hau da nire ametsen kolorea antzezlana eskainiko du Rouge Elea konpainiak Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen barruan. Soreasu antzokian izango da emanaldia, ostiralean, 21:30ean. "Egin dantza, bestela geureak egin du", zioen Pina Bauschek.Abiapuntu hori hartuta, emakume batek bizirauteko egiten du dantza. Bere oinordekotza kulturala deitzen du bizitza ospatu eta dantzatzeko. Berarentzat handiegia den jaka bat, sokak eta oihalak, arbasoetatik jasotako objektuez baliatuta irauteko dantza bat abiatzen du, instintuz egindakoa, gorputzak oroitzen dituen mugimenduez. Hildakoei eskainitako dantza bat, desagertutakoen memoria bizi dadin egindako dantza euforikoa.

IRUÑEA: Kantuan
Baluarteko Areto Nagusiak Iruñea Kantuan V euskal abestien jai handia hartuko du hirugarrenez larunbatean, azaroak 11, 20.00etan. Azken lau urteotan ospatutako emanaldietan bezalaxe, oraingoan ere euskal musikari eta abeslari ospetsuek hartuko dute parte, besteak beste, Txema Garzes, Iñaki Diéguez, Juantxo Zeberio, Asier Oleaga, Francisco Herrero, Joxerra Mitxelena, hala nola beste abeslari, koru eta artista batzuk: Iruñeko Orfeoia, Menditarrak, Xabier Euzkitze, Maria Amolategi, Gontzal Mendibil, Urko, Juanpa Agirre, Estitxu Pinatxo, Jaione Olazabal, Mendigoitiko Eskola Publikoko eta Sarrigurengo Joakin Lizarraga Eskola Publikoko ikasleak, eta Doneztebe eta Leitzako dantzariak. Ondo pasatzeko prest? Eskuratu informazio guztia hemen.

DONIBANE GARAZI: Dantz'Haka
Larunabtean, hilak 11, Dantz'Haka egingo dute Donibane Garazin. Jai berezi hau Etxahun elkarteak antolatu du, eta 50 herritar gazteek parte hartzen dute, Zuberoako dantza eta errugbi mugimeduak nahastuz, eta hiru gertakarien historiko antzeztuz. Emanaldia Jai Alain egingo dute, 21:00etan, ea sarrerak 13 euro balio ditu.

