Ze plan astebururako?

Zertarako etxean gelditu, munduan gauza harrigarriak gertatzen badira? Aukeratu astebururako plana!

DONOSTIA: Neighbor

HAU diskoa aurkeztera dator Neighbor taldea ostiralean, hilak 6, Donostiako Lugaritz Kultur Etxera. 20:00etan eskainiko dute kontzertua, 9 euroren truke. Duela hiru urte Neighborren lehen albuma (Ura patrikan) kaleratu zenetik sorturiko kantuen bilduma da HAU diskoa. Kasu honetan, Maite Larburuk, ahots eta biolinaz gain, ukeleleak eta gitarrak erabili ditu sormenerako; Josh Cheathamen poli-instrumentista gaitasunak Maiteren tresnen oinarria izan du.

 

 

AMOREBIETA-ETXANO: Mangamore

Mangaren eta komikien zale amorratua bazara, galdu ezineko zita duzu Amorebieta-Etxanon ospatuko duten Mangamore jaialdian. asteburu osoan zehar, Cosplay lehiaketak, youtuberrak, marrazkilariak, rol jokoak eta ekintza sorta mardula antolatu dute. Informazio gehiago nahi? MANGAMORE.

 

 

EZPELETA: EHZ Festibala

Eguraldi kaskarrak behartuta, aurtengo EHZ Festibala bertan behera gelditu ostean, asko izan dira jaialdi horren aldeko elkartasun ekimenak. Hain zuzen ere, hamaika talde eta artista igo dira agertokira, EHZri laguntza emateko helburuarekin. Horrekin, ostera, ez da nahikoa izan, eta urrirako kontzertu erraldoi bat antolatu dute.

Hitzordua urriaren 6an izango da, Ezpeletako Merkatuan, eta Anestesia, PI L.T., Zea Mays eta Biarritz Dance School aterako dira oholtzara, bertan bildutakoen musika egarria asetze aldera.

EHZirimolarako sarrerak ez dituzte aldez aurretik salduko. Hots, egunean bertan egongo dira eskuragarri, 7 euroren truke.

 

 

BILBO: Nire azalean arrotz

Myriam Perezen koreografia da Nire azalean arrotz; irailaren 20an estreinatu zuen Donostiako Gazteszenan, Leire Otamendi eta Oihana Vega dantzariekin. Orain, larunbatean, hilak 7, Bilboko Azkuna Zentroan eskainiko dute ikuskizuna, 19:30ean; animatu, doan da eta! Jarraian, emanaldirako Galder Izagirrek ateratako argazki galeria duzu.

 

 

BAIONA: Haizebegi 2017 - Musikaren Munduak Jaialdia

Urriaren 6tik 15era bitarte egingo dute Baionan Haizebegi jaialdia; bertan, munduko musika eta dantza ezberdinak erakutsiko dituzte. Munduko erritmoak ezagutzeko aukera aproposa! Informazio guztia jarraian.

 

 

GASTEIZ: Nazioarteko Antzerki Jaialdia

Nazioarteko Antzerki Jaialdia urrian iritsiko da Gasteizera, bertako eta nazioarteko sorkuntzaren eta hizkuntza eszeniko berrien aldeko apustua egiten duten 19 estreinaldi eta 31 ikuskizun eskaintzera. Hitzordua urriaren 6an hasiko da. Aurtengo jaialdira 10 konpainia etorriko dira nazioartetik (Errusia, Erresuma Batua, Argentina, Frantzia, Italia, Brasil eta Suitzatik) eta bertako taldeek ere leku handia izango dute, 13 ikuskizun eskainiko baitute, horietako 4, euskaraz. Gehiago jakiteko gogoekin gelditu zara? Egin klik hemen!

 

 

DONOSTIA: Rockomunikazioa

Berri Txarrak taldearen sortzaile den Gorka Urbizu eta Izaro bakarlaria izango dira ROCKOMUNIKAZIOA (Artea, hizkuntzak & rock and rolla) jardunaldiaren protagonista. Ekitaldi hori MondragonLinguaren TOPAKEtalk programaren baitan sartzen da, eta komunikazioak, sorkuntza artistikoak eta hizkuntzek duten harremana jorratuko dute ikuspegi emozional batetik.

Oñatin, Donostian eta Gasteizen egingo dira Urbizuren eta Izaroren arteko topaketa hauek, eta bi musikariek elkarrizketa lasai bat izango dute Berri Txarrak taldeko gitarra-jole eta abeslaria bezalako izen handiko rock-musikari baten eta Mallabiako artista bezala karreraren hastapenetan den artista baten esperientziak aurrez aurre jartzeko. Izarok elkarrizketa egingo dio Gorkari eta rock and rolleko musikari baten bizitza inguratzen duten gaiei buruz galdetuko dio: musikaren industria, mundu horretan dagoen sexismoa, lan-prekarietatea, errepidea, sorkuntza-prozesua… Beren bizitza artistikoa inguratzen duten hizkuntzekin duten harremanaz ere hitz egingo dute, bai abestien letrak idaztean, bai beren biretan komunikatzeko ere.

Amaiera gisa, artista bakoitzak beste artistak sortutako abesti bat joko du gitarra akustikoarekin. Zita ostiralean duzue, hilak 6, Koldo Mitxelena Liburutegian, 19:00etan. Eta noski, doan.

 

 

BILBO: Ja! Musergo eta Harkaitz Cano

Ja! Bilbao 2017 jaialdiaren baitako ekitaldietako bat gomendatzen dizuegu jarraian. Harkaitz Cano idazlea eta Mursego musikariaren elkarlana da Porto. Rafa Berrio, Fernando Pessoa eta beste hainbat egileren testuetan oinarrituta ondutako kantu eta poemak. In vino veritas dio esaera zaharrak. Baina, umorerik gabe, zertarako balio du egiak? Igandea goxo amaitzeko, 19:00etan, Bilboko Bilborock egoitzan.