Badator Mangamore, mangaren festa handia

Badator Mangamore, mangaren festa handia Mozorrotzea gogoko baduzu, ez duzu zertan inauteriak iritsi arte itxaron behar; ostiralean irekiko ditu ateak Mangamore jaialdiak, Amorebieta-Etxanon! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badator-mangamore-mangaren-festa-handia/@@download/image/IMG_2912-Copiar-730x365.jpg
2017/10/03
berria
Mozorrotzea gogoko baduzu, ez duzu zertan inauteriak iritsi arte itxaron behar; ostiralean irekiko ditu ateak Mangamore jaialdiak, Amorebieta-Etxanon!

Badator beste behin Mangamore, mangaren festa itzela, Amorebieta-Etxanora. Hamaikagarren edizioa urriaren 6tik 8ra ospatuko dute, hau da, asteburuan, eta ehun jarduera baino gehiago programatu dituzte. Japoniako kulturari eta manganime delakoari eskainitako jaialdian tailerrak, musika-emanaldiak, txapelketak, bideo-jokoak, haur-jarduerak, eta festa giroa antolatu dituzte.

Aurtengo edizioan, Japoniako pop kulturan jarraitzaile gehien dituen youtuberretako bat gonbidatu dute, Kalathras. Bestalde, musikak toki garrantzitsua izango du Mangamoren, izan ere, Areatzako Bandak Japoniako telesail ezagunenen abestien bertsioak eskainiko ditu, Zelaieta zentroko pilotalekuan. Horrez gain, Nyorobotics japoniarrek zein Panicrew feat Lunak kontzertuak eskainiko dituzte.

 

Urtero bezala, Japoniako moda eta manga ere presente egongo dira Zornotzako jaialdian. Tamara Ferrero diseinatzaileak jaialdirako sortutako moda-desfile bat ikusi ahalko da. Bisitariak ere bideo-jokoetan aritu ahalko dira retro itxurako jolas-gela batean. Gainera, Pokemon bezalako jokoak, Cosplay txapelketa tradizionala eta Shogi zein Yu Gi Oh jolasak (kartak) ere egongo dira.

Larunbatean, Your Name filma jarriko dute Zornotza Aretoan, eta Cine Made in Asia blogeko Jonny Blancok aurkeztuta. Era berean, Hotaru antzerkia eskainiko da, Scena13 taldearen eskutik. Egun horretan bertan, txikientzako mozorro-lehiaketa egingo da Ogenbarrenan, eta gauez Yui Kanan DJa arituko da Zelaieta parkean.

Ziur zure pertsonaia gogokoenaren cosplaya prestatzeko irrikatan zaudela! Informazio guztia webgunean duze.