Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Gezurra badirudi ere, abuztuan sartzera goaz; asteburu honetan primeran pasatzeko prest? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-32/@@download/image/Captura de pantalla 2017-07-26 a las 12.31.27.png
2017/07/26
berria
Gezurra badirudi ere, abuztuan sartzera goaz; asteburu honetan primeran pasatzeko prest?

LAKUNTZA: Hatortxu Rock

Hatortxu Rock jaialdiaren 20. edizioari hasiera emango diote ostegunean, hilak 27, eta 30ean, igandea amaituko dute. Lau egunez kontzertuak, mendi martxak eta hitzaldiz betetako egitaraua martxan jarriko dute. Hatortxu Rock elkartasun jaialdi bat da, desagertzeko sortu zena. Hasieratik euskal preso, iheslari, errefuxiatu eta hauen guztien senideei elkartasuna adierazi diete etengabean.

Hogeigarren edizio hau berezia izango da, ez bakarrik egun bateko kontzertuen egitaraua lau egunetako eta eskaintza anitzeko egitaraua bihurtu dutelako; elkartasunak mugarik ez duela erakutsiko dutelako berriz ere. Edizio honetan kanpalekua egongo dela baliatuz, janari bilketa bat martxan jarriko dute Zaporeak proiektuarekin elkarlanean. Egitarau osoa jarraian aurkituko duzue, eta informazio gehiago nahi baduzue jo hona.

 

 

BAIONA: Baionako Bestak

Uztailaren 27tik Uztailaren 30era bitarte ospatuko dituzte festak Baionan. Egun bakoitzeko gai banaren inguruan antolatuko dituzte ekitaldiak. Hala, asteazkenean Errobi ibaia izango da ardatz; ostegunean haurrak; ostiralean elkarteak; larunbatean ohiturak eta, amaitzeko, igandean Iruñearen eguna izango da. Besteak beste, Leinua dantza eskola, Zeze taldea, Makilari dantza taldea, Tuntuna, Pauline & Juliette, Orai Bat, Seitan Taldea, Jotas de Navarra, Klip eta Klop eta Trikili Trakala taldeen emanaldiez gozatzeko aukera duzu.

 

MUNDAKA: Mundaka Festibala

Mundaka Festival jaialdiaren 3. edizioa uztailaren 28an, 29an eta 30ean egingo da, Santa Katalinako penintsulan. 2017rako iragarritako azken izenekin eta egunez eguneko banaketarekin, osatuta dago aurtengo kartela: 


Hala, Ocean Colour Scene talde britaniarra Mundakan izango da aurten. Jaialdian The Day We Caught The Train, The Riverboat Song edota The Circle bezalako hit-ak gozatzeko aukera izango da.
 
Nazioarteko baieztapenen zerrenda The Rad Trads taldeak osatzen du, New York-eko zuzeneko talde dibertigarrienetako bat. Soul, jazz, swing eta rock-a, beti izugarrizko energiarekin.
 
Julián Maeso beste izen berrietako bat dugu. Bere azken lana Somewhere Somehow aurkezten helduko da Mundakara. 
 
Willis Drummond eta Seiurte taldeek osatuko dute aurtengo euskal eszena. A ala B aurreko lanaren arrakasta eta gero, Willis Drummond taldeko kideak Tabula Rasa-rekin bueltatu dira. Seiurte taldeak, berriz, 20. urteurrena ospatuko du aurten, Ezpalak azken lanarekin.

 

DONOSTIA: Hitchcock. Suspensetik haratago

Hitchcocken munduan murgildu nahi baduzu, zita bikoitza duzu Donostiako San Telmo Museoan larunbat honetan, hilak 29. 20:30-22:00 bitartean Hitchcock, suspensetik harago erakusketa zabalik egongo da doan, eta musika eta taberna zerbitzua egongo dira. Sarrera librea izango da lekuak bete arte. Ondoren, 22:00etan The Birds filmaren proiekzioa egongo da elizan. Sarrera doan da, baina gonbidapenarekin. Gonbidapenak jasotzeko: bazkideek proiekzioaren astean bertan asteartean eta asteazkenean; gainontzekoek, ostegunetik larunbatera.

 

GETXO: Skakeitan

Uztailaren 28an, ostirala, Algortako jaietan ariko da zuzenean Skakeitan taldea. Orekariak (2014) lana argitaratu eta bi urte beranduago, badator Galera (2016) disko berria. Kontzertua 22:00etan hasiko da, plazan.

 

GASTEIZ: 'Rumba'

Larunbatean, hilak 29, Mayumaná taldea izango da Gasteizko Principal Antzokian, 19:30etan. 15-35 euroren truke, Rumba ikuskizun musikalaz gozatzeko aukera izango duzu, Estopa taldearen abestiekin. Dantza, perkusioa eta antzerkia nahasten dituen emanaldi honetaz disfrutatzera animatzen zaituztegu!