Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Adi asteburu honetako proposamenei! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-1551953219.57/@@download/image/enterprise-weekend-promo.jpg
2019/03/07
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Adi asteburu honetako proposamenei!
Ze plan astebururako?

URNIETA: "Biz Hitza, Euskara batuaren historia dantzatua"

“Herria da gorputza, hizkuntza bihotza” Fernando Aire Xalbador Urepeleko artzainaren esana da, zehazki, haren Odolaren mintzoan jasoa eta Mikel Laboaren ahotsak zabaldua. Eta hizkuntza gorputza balitz? Nola azalduko lituzke gorputz adierazpenak hizkuntzaren bat-bateko jaiotza edo elearen etengabeko bilakaera?

Ikuskizun honek munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du dantzaren bidez. Xabi Paya kulturgileak gidoia idatzi eta Aukeran taldeak koreografiak sortu ditu. Larunbatean, hilak 9, Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunean izango duzue ikusgai, 19:00etan.

DONOSTIA: DFeria

Donostia arte eszenikoen proposamen uholdez bustiko da hilabete honetan; dFERIAk 25 urte betetzen ditu, eta, hori ospatzeko, bederatzi ikuskizun antolatu ditu adin guztietako ikusleentzako. Hiriguneko hainbat lekuetan emango dira: Alderdi Eder, Boulevardeko kioskoa, Konstituzio Plaza eta Bretxako merkatua. Ikuskizun bakoitza birritan emango da, 16:30 eta 19:00etan hasita, ahalik eta ikus-entzule gehienengana iristeko. Ikuskizun guztiak doakoak izango dira, dFERIAren aurreko larunbatean, hau da, martxoaren 9an.

Dantza garaikidea 2018ko kale-ikuskizun onenarekin (Ertzaren Meeting point), Naoto Okada yoyo jolaseko mundu-txapelduna, umorea, akrobaziak, barra-dantza, zirkua eta sua, Donostiako kaleak kolorez eta artez betetzeko. 

dFERIA 2019: KALE ARTEan (pdf)

GERNIKA: Gernikako Lekuek

Martxoaren 9tik 16ra Gernika musikaz beteko da. 2014an sortu zen Gernikako Lekuek jaialdia herriko elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei lekua eta ahotsa emateko. Bost urte geroago horretan dihardute oraindik. Gehiago jakin nahi duzu? Egin klik!

GASTEIZ: 'Sutra'

LINES Ballet bere konpainiarekin San Frantziskon bizi da Alonzo King koreografoa. Ospe handikoa da nazioartean, eta nazioarteko konpainia handiek lan egiteko gonbidatzen dute maiz. William Forsythek hauxe esan zuen: «gure garaiko balletaren benetako maisuetako bat da, gutxi batzuen artean». Balanchineren mireslea da Alonzo King, eta zubiak eraikitzen ditu gauza tradizionalen eta modernoen artean. Sormen-dantza sentsuala eta sutsua egiten du, bene-benetan bertutetsuak diren dantzariekin. Kultura eta diziplina ezberdinetako artisten laguntzari esker, beti lan berriak ekartzen dizkigu, mestizajeak eta kultura-aniztasunak aberastuta.

Oraingoan, Zakir Hussainekin lankidetzan ari da; taularen (Indiako perkusio-tresna klasikoa) bertutetsu batekin. Zakir Hussain mundu garaikidearen musiken korrontearen figura esanguratsuenetako bat da. Ostegunean, hilak 7, Principal Antzokian, 20:30ean.

  • Egiatarua: Zakir Hussain eta Sabir Khan-en musikaren konposizioa eta interpretazioa
  • Koreografia: Alonzo King

BILBO: Aitor Etxebarria vs. David Lynch

Ez galdu Aitor Etxebarria El_Txef_Aren emanaldia Bilboko Kafe Antzokian, ostegun honetan, hilak 7, 21:30ean. Sarrera 8 eta 10 euro bitartean!

LEKORNE: 'Neskatoak'

Neskatoak dokumentala eta Jon Abril Olaetxea zuzendariaren solasaldia. 1940 eta 1975 urteen artean emakume anitzek euren etxea utzi eta Ipar Euskal Herrira zein Frantziako bertze hainbat tokitara joan behar izan zuten neskame edo neskato lanetan aritzera. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia utzi zuten gibelean. Maiz, mendiz joan ziren, gordeka. Frankismoaren urterik gogorrenak ziren. Ipar Euskal Herriko hoteletan eta jatetxeetan aritu ziren lanean, baina baita etxe partikularretara ere, "interna" moduan. 12 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, pasaporterik gabe, lanerako baimenik gabe, eta frantsesik jakin gabe.

Gaur egungo migrazio-prozesuetan bezala, emakumeek paper hagitz aktiboa izan zuten orduko gizartean, bertan gelditzen ziren gurasoei eta etxekoei ekonomikoki berebiziko laguntza eman baitzieten. Emanaldia ostiralean izango da, martxoak 8, 20:30ean, Herriko Etxeko gelan.