GERNIKAKO LEKUAK MUSIKAZ APAINDUAK

GERNIKAKO LEKUAK MUSIKAZ APAINDUAK Martxoaren 9tik 16ra Gernika musikaz beteko da. 2014an sortu zen Gernikako Lekuek jaialdia herriko elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei lekua eta ahotsa emateko. Bost urte geroago horretan dihardute oraindik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gernikako-lekuak-musikaz-apainduak/@@download/image/lekuek-2019-Ander Cisneros.jpg
2019/03/07
berria

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Martxoaren 9tik 16ra Gernika musikaz beteko da. 2014an sortu zen Gernikako Lekuek jaialdia herriko elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei lekua eta ahotsa emateko. Bost urte geroago horretan dihardute oraindik.
GERNIKAKO LEKUAK MUSIKAZ APAINDUAK

Horretarako inongo babes ekonomikorik gabe, boluntarioz osatzen den lantaldea aritzen da lanean, beren ilusioak izerdi bihurturik. Beste behin, adin eta molde guztietako publikoari eskainitako askotariko genero musikalak batzea lortu dute, beti ere hurbiltasuna galdu gabe. Etxekoa eta nazioartekoa aldi berean, behin musika hasten denean mugek ez baitute inongo zentzurik.

 

Jaialdiko ekitaldi ezberdinak Gernikako leku ezberdinetan ospatuko dira, horrela kultur gune horiei ikusgarritasuna emanez eta baita kulturaren zabalkundean egiten duten lanari gorazarre eginaz.

ASTRA
Leku horietako bat Astra gaztetxea da. Arma fabrika izandako eraikuntza, 2005ean Gernikako Gazte Asanbladak okupatu eta berreskuratze prozesua hasi zen. Herritarren parte-hartze prozesuaren bidez, autogestionatutako errealitate ederra da proiektua.

Hauek dira Astran joko duten taldeak:
Mad Muasel – 2019/03/16
Bad Sound – 2019/03/16
Kaleko Urdangak – 2019/03/09
8º6 Crew – 2019/03/09

IPARRAGIRRE
Iparragirre Musika Elkartea 2002. urtean sortu zen Gernika-Lumoko egoera kulturala suspertu eta entseatzeko lokal gabeziari irteera emateko. Agertokiaz gain, entsegu gelak daude eta kontzertu ugari antolatzen dira. Haatik, bestelako jarduerak kulturalek ere badute lekua bertan. Guztia modu autogestionatu eta autofinantziatuan, Iparragirre areto bat baino askoz gehiago baita. Eskualdeko musika ondorengo belaunaldietara igarotzeko tresna da, non partaide guztien elkarlanarekin musika nahi duen ororen eskura jartzen duen.

Hauek dira Iparragirren joko duten taldeak:
The Soul Jacket – 2019/03/15
Mississippi Queen & The Wet Dogs – 2019/03/15
Dätcha Mandala – 2019/01/16
Doblecapa – 2019/03/16
Mr. Sipp – 2019/03/16

TRINKETE ANTITXOKOA

Hamabi urte dira musika zaletasunetik abiatuta Trinkete Antitxokoa sortu zenetik. Bazkide eta lagunen ekarpenetik kulturgune honetan lan artistiko eta disziplina anitzeko proposamenak ikusteko leku paregabea da, ez ohikoa eta nortasun berezikoa. Urte guzti hauetan hainbat kontzertu, antzerki, bertso saio, erakusketa, hitzaldi eta proiekzio egon dira.

Hauek dira Trinkete Antitxokoan joko duten taldeak:
Vancouvers – 2019/03/15
Moxal – 2019/03/16
Joseba Irazoki eta lagunak – 2019/03/16
Maite Larburu – 2019/03/10

LIZEO ANTZOKIA
Lizeo antzokia joan den mendeko 20. hamarkadan eraiki zuten. 1937ko bonbardaketan suntsitua izan arren, gerraostean berreraikia izan zen. Jabe ezberdinak ezagutu ostean, 90. hamarkadan udalak erosi zuen aretoa eta egun kultur etxe bihurturik dozenaka ikuskizun burutzen dira.

Hauek dira Lizeo Antzokian joko duten taldeak:
Antonio Lizana – 2019/03/16
Nuria Graham – 2019/03/15

BUNKERRA

Bunkerrak Kultura Ondare katalogazioa du. 2007. urtean arma fabrika zaharra eraistean agertu zen eta 1937ko bonbardaketan gernikar askoren aterpe izan zela. Egun bisita gidatuak antolatzen dira bertara. Luxua da bertan kulturaz gozatu ahal izatea.

Bunkerrean joko duen taldea:
Amorante – 2019/03/11

TABERNAK

Halere, urtetan eta urtetan zehar musikaren testuinguru naturala tabernak izan dira. Gernikako Lekuek jaialdiak argi du hori eta horregatik, hainbat eta hainbat kontzertu antolatu dituzte herriko taberna ezberdinetan. Horien berri jaialdiaren web orrian aurki dezakezue.

Hau guztia gutxi iruditu bazaizu, aste honetan bertan beste Leku bat gehitu dute. Arriguri euskal sortzaile taldeak beraien Arraten ikus-entzunezko proiektua aurkeztuko du eta beraiekin batera Eneritz Furyak eta Birkit musikarien kontzertuez gozatzeko aukera izango da martxoaren 12an.

BONO ETA SARRERAK
Emanaldi guztietarako sarbidea emango du bonoak 25 euroren truke. Hala ere, bonoak ez du sarrera ziurtatzen lekuetako aforo ezberdinen araberakoa izango baita. Bonodunak, kontzertua baino ordubete lehenago joan beharko du lehiatilara bere sarrera eskuratzeko. Bono eta sarrerak eskuragai Gernikako Lekuek jaialdiaren web orrian.

Urte askotarako Gernikako Lekuek!