Ze kultura!

Ze kultura! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-kultura/@@download/image/20101151479fert_1361879656.jpg
2010/11/05
erreportajea
Fertxu Izquierdo
Iruñea ez da Europako Kultur Hiriburu izanen. Ez behintzat 2016ean. Eta ez da inor harritu, noski. Iruñeak, egia esan, nahikoa du probintziako kapitala izatearekin. UPNk aurkeztu zuen hautagaitza, eta poz pozik geratu ziren.

Kanpaina egin (arrakasta eskasarekin, jakina), dirua banatu (haien lagunentzat, antza), Madrilera joan eta… deus ez! Esku hutsik Iruñera itzuli.

Baina, nola demonio izanen zen, ba, Iruñea, Europa osoko kultur hiriburua? Nafarroako Liburutegi Nagusia Alde Zaharretik (hiri erditik) eraman berri dute, aldirietako auzo batera. Eta badakizue zergatik? Duela bospasei urte Corte Inglesa jarri zigutelako Iruñea erdi-erdian. Corte Inglesa Iruñea erdian, baina liburutegia “kinto pinoan”. Eta aldaketa egin bitartean (datorren udaberrira arte, gutxienez) Alde Zaharra liburutegirik gabe. Tori kultura!

Esan behar da, dena den, Iruñean kultura egon badagoela. Baina ez hautagaitza horretan aurkeztu zutena. Kultura egiten da auzo guztietan, auzoetako jai batzordeek egina. Hori benetako kultura da: olentzeroak, mota guztietako erakusketa eta ikastaroak, musika emanaldiak, poesia errezitaldiak, antzerkiak, festak… Iruñeko Udalak, berriz, gauza gutxi antolatzeaz gain (Txantrea auzoan, esaterako, zine emanaldi pare bat udaran eta nahiko) auzoetan antolatzen diren ekimenei oztopoak besterik ez dizkiete jartzen. Herriak egindako kultura zaindu ordez, zapaldu egiten dute. Isunekin, udaltzainekin, mehatxuekin… Kultura bultzatzeko modu bitxia daukate, ezta? Olentzeroa iristeko hilabete eta piko falta da eta, azken urte hauetan gertatu den bezala, oraindik ez dakigu ilegala izanen den, ea baimenak emanen dituzten ala ez, ea isunak jarriko dituzten… Baina horixe bera eginen dutenaren itxura dauka.

Eta oraindik oroitzen gara aurtengo Txantreako festetan gertatu zenaz. Kaldereteak herri bazkaria oztopatzeko asmoz nola bete zuten urez zabalgune oso bat. 20.000 litro ur botata. Ze kultura da hau?  

Iruñea kulturala ez dago Udaleko bulegoetan, baizik eta hiriko bazter eta karriketan, eta hauexek dira gure kapital kultural bakarra: auzo bakoitzeko jai batzordeak, Gora Iruñea plataforma, pintura aretoak, musika taldeak, kaleko musikariak, graffitigileak (geratzen direnak), Aspaldiku poesia zaleen elkartea, idazleak, margolariak, Eguzki irratia, Auzotegi, Auzoenea, Zabaldi, La Hormiga Atomica, peñak, euskaltegiak… Egin dezagun, ba, kultura gure erara. Gure kulturaren jabe, hiriburu bihurtu arte.