Zazpigarrenez, badator Lekeitioko Hegaluzealdia

Zazpigarrenez, badator Lekeitioko Hegaluzealdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zazpigarrenez-badator-lekeitioko-hegaluzealdia/@@download/image/hegaluzea_1374221897.jpg
2013/07/19
berria
Zazpigarrenez, badator Lekeitioko Hegaluzealdia
Uztailaren 26tik abuztuaren 10era bitarte, hegaluzea oinarri duen ekintza programa zabala izango dute herrian San Pedro Arrantzaleen kofradiaren eta Udalaren ekimenez. Jaia kaiaren inguruan antolatuko dute, sektorea suspertzea baita helburu nagusia.


Lekeitioko VII. Hegaluzealdia abiatuko dute datorren ostiralean, eta abuztuaren 10era arte luzatuko da. San Pedro Arrantzaleen kofradia eta Udala ez ezik herriko taberna eta elkarteak engaiatzen dituen ekimenak dastaketak, hitzaldiak, desafioak, musika eta erakustaldiak dakartza hurbiltzen direnentzat, egitarauak hegaluze kanpaina baitu abiapuntu eta xede.

Izan ere, Lekeitioko itsasontzien harrapaketen fakturazio orokorraren %80 hegaluze arrantzari dagokio eta, hortaz, herriaren izaera definitzeaz gain, hegaluzeak herriaren ekonomia ere baldintzatzen du neurri handi batean. "Horregatik –dio Udalak–, kanpaina honen arrakasta bermatzea ezinbestekoa da sektorearen biziraupenerako".

Eta Hegaluzealdiak, festa giroan, bere ekarpena egin nahi du norabide horretan, "kontsumitzaileari ezagutzera emateko hegaluzeak giza elikaduran eta gastronomian duen garrantzia".

Egitaraua


Egunero dastatu ahal izango dira hegaluze pintxo eta platerak herriko taberna eta jatetxeetan. Eta, horretaz gain:

UZTAILAK  26

Hitzaldia: 'Hegaluzea eta itsasoko kirol arrantza'. Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaria, Josu Santiago ICCAT (La Comisión Internacional para la Conservación del Atún Atlántico) eta Iñaki Artetxe AZTI.

UZTAILAK 27, HEGALUZE EGUNA
10:00. Marmitako txapelketa Aittitta Txiki elkarteak antolatuta.
11:00. Itsas Arrainak erakusketa plazan.
11:30. Arrain salmenta erakustaldia kofradian.
15:00. Bazkari herrikoia Aittitta Txiki elkarteak antolatuta.
19:00. Hegaluze errea kofradia aurrean.
20:00. Lekeitioko Estudiantinaren kalejira.
Egunean zehar, Aittitta Makurra txaranga eta Marabatu batukada herriko kaleetan zehar.
Lekeitioko 35. Hegaluze arrantza kopa. Antolatzailea: Club de Pesca de Atún de Lekeitio.

ABUZTUAK 10
V. Willowsdesafioa
(hegaluze arrantza).