Zazpi urtetan 125.000 igoaldi markatu ondoren Mendiak aplikazioa eraberritu egin da
Euskal Herriko 3.000 bat mendiren informazio osatua eskaintzen du app-ak eta gainera, mendizaleei tresna erabilerraza eskaintzen die euren igoerak markatu eta lagunen artean partekatu ditzaten. Aplikazioa euskara hutsean dago eta Androiderako zein iPhonerako garatua dago. Bada orain, itxura berria eman diote.
Zazpi urte hauetan aplikazioak 30.000 deskarga baino gehiago izan ditu. Euskarazko aplikazio batentzat marka handia eta bere bitartez 125.000 mendi igoera markatu dituzte mendizaleek. 110.000 irudi ere bildu dira datu basean.
CodeSyntax-ek Mendiak aplikazioaren bertsio erabat berria argitaratu berri du, orain arteko antolaketa antzekoarekin, baina teknikoki berritua, arinagoa, erabilgarriagoa eta diseinuz ere erakargarriagoa. Mapen sistema eta mapa bidezko baigazioa eguneratu eta hobetu dute. Jatorrizko helburuak ordea bere horretan dirau: euskal mendizaleentzat aplikazio arin eta erabilgarri bat eskaintzea mendi igoerak markatzeko, gordetzeko eta partekatzeko.
Deskargatzeko interesa duenak jakin euskara hutsean dagoela, doakoa dela eta Android zein iOS-en topatu daitekeela. Informazio gehiago CodeSyntax-en webgunean.
