Zazpi Samurai eta Western bat

Zazpi Samurai eta Western bat https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zazpi-samurai-eta-western-bat/@@download/image/65p55-1_1365509233.jpg
2006/07/07
erreportajea
Gontzal Agote


Hollywoodeko zinemagintzaren moldeetara ohituta, jende askok aurreiritziz zamaturik begiratzen dio AEBetatik kanpo datorren zinemagintzari; dela europarra, dela asiarra. Eta gehienetan, nagikeria hori areagotu egiten da filma japoniarra bada.

"Motela, aspergarria, estetizismo hutsean oinarritua, ulergaitza, elkarrizketarik gabekoa, ezagutzen ez diren kode eta balore batzuen arabera eraikia..."
. Horrelakoak eta gordinagoak entzun izan ohi ditugu zinemagintza japoniarraren inguruan. Eta, jakina, juzku horiek aski dira herrialde horretatik datorren pelikula oro baztertzeko.

Aurreiritzi horiek guztiak errotik ezabatzeko, pelikula perfektua da "Sichinin no samurai". 1954. urteko filma da, eta hiru urte lehenago "Rashomon" pelikularekin ezagutzera eman zen Akira Kurosawari mundu mailako ospea eman zion. Eta ez hori bakarrik, samuraiei buruzko film hau, eta bertan agertzen diren baliabide asko, hamaika aldiz kopiatu dituzte, eta batzuetan, baita plagiatu ere. Ezaguna denez, Hollywoodek pelikula honen "bertsioa" egin zuen John Sturgesen eskutik —"The magnificent seven"—; baina oso bestelako pelikulek ere badute Kurosawaren film honen eragin nabarmena: Pixar ekoiztetxearen "A bug´s life" edo George Lucasen "Star wars"ek, adibidez.

Samuraiak protagonista dituen film hau Japoniako nekazaritza munduan girotua dago, baina oso estatubatuarra den genero baten ezaugarri guztiak ditu: izan ere, western bat da, western japoniar bat. Abenturazko pelikula da hasieratik bukaera arte, baina, era berean, Japonian indarrean zegoen eredu feudalari zorrotz begiratu zion Kurosawa aztiak. Nekazariek ez dute defendituko dituen inor, urtetik urtera lapurren nahikerien menpe bizi dira, eta soilik samurai batzuk kontratatuta, defenditzen ahalko dituzte haien lur eta etxebizitzak. Funtsean, horixe kontatzen du filmak.

Baina estiloa da film hau harrigarri egiten duena. Batetik, hiru ordutik gorako pelikula izanik, ez delako batere luzea egiten, kontrakoa baizik. Bestetik, Kurosawak ordura arte erabili gabeko hainbat trikimailu tekniko erabili zituelako; adibidez, gaur egun akzio pelikuletan oso ohikoak diren "abiadura moteleko" heriotzak. Eta azkenik, Kurosawak ezaugarri jakin batzuk eman zizkiolako samurai bakoitzari, baina oso modu naturalean, aparteko azalpenik eman gabe.

Samurai horien artean bi nabarmentzen dira. Lehena Kurosawaren aktore kuttuna izan zen: Toshiro Mifune, harentzat oso egokia zen rol batean ari dena. Baina guztien gainetik, Takashi Shimura handia dago. Bera da samuraien gidaria, eta, era berean, hamaika ertz dituen istorio honen arima.



Jatorrizko izenburua:
“Shichinin no samurai” (1954)
Zuzendaria:
Akira Kurosawa
Aktoreak: Toshiro Mifune,  Takashi Shimura,  
Yoshiro Inaba