Zazpi Nobel Saridun Donostian

Zazpi Nobel Saridun Donostian 'Passion for Knowledge' jaialdia antolatu du Donostia International Physics Centerrek (DIPC) aste honetarako. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zazpi-nobel-saridun-donostian/@@download/image/donostia1.jpg
2019/10/01
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

'Passion for Knowledge' jaialdia antolatu du Donostia International Physics Centerrek (DIPC) aste honetarako.
Zazpi Nobel Saridun Donostian

Larunbata bitarte, zazpi Nobel saridunek mahai-inguruak eskainiko dituzte, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) aste honetarako antolatutako Passion for Knowledge jaialdian. Horrekin batera, Bilbon, Bergaran eta Iruñean ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte. EITBk streaming bidez eskainiko ditu saioak.

Laugarren edizio honetan, zazpi Nobel saridunek eta mundu mailako zenbait ikertzailek parte hartuko dute hizlari gisa. Bertaratutakoek astrofisika, kosmologia, fisika kuantikoa, botanika, biomaterial adimendunak edo paleoantropologia gaiak ezagutzeko aukera izango dute.

Gonbidatuen artean daude, esaterako, pulsarra aurkitu zuen Jocelyn Bell Burnerzientzialaria; Barry Barish grabitazio uhinen astrofisikaria (Fisikako Nobel Saria, 2017); Jean-Pierre Sauvage makina molekularren diseinatzailea (Kimikako Nobel Saria, 2016); Maria Martinon-Torres paleoantropologoa eta Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalaren (CENIEH) zuzendaria; eta Serge Haroche fisika kuantikoan aditua(Fisikako Nobel Saria, 2012), besteak beste.

2019an Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea ospatzen da, eta Passion for Knowledge (P4K) jaialdiak omendu egingo du osagaietako bat: wolframa (W), 1786an Elhuyar anaiek lehen aldiz Bergaran isolatu zuten elementua.

Victoria Eugenia Antzokian, Bertso Passion ekimenaz gozatzeko aukera ere izango da, non zientzialarien aparteko begirada Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Iñaki Murua bertsolarien errima kantatuen edertasuna eta asmamena uztartuko diren.

Halaber, Creativium argazki-erakusketa inauguratuko da jaialdiaren baitan: gizabanakoaren sormenari eta bere alderdi ezberdinei buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko gaituen diziplinarteko proiektua. Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen eta Nobel saridunen zein punta-puntako zientzialarien arteko Topaketak antolatu dira laugarren edizio honetan ere, Donostian eta Bilbon. Topaketa horietan Euskal Herriko 100 ikastetxek parte hartuko dute gutxi gorabehera.