Zazpi lurraldetako gaztetxoak bilduko dituzten euskarazko udalekuak egingo dituzte Ondarroan
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskaren Erakunde Publikoak euskararen lurralde guztietako gaztetxoentzako Ikusika udalekuak antolatuko dituzte, Egin udari zirika! lelopean. Ondarroan egingo dira bi txandatan: uztailaren 7tik 13ra, eta uztailaren 15etik 24ra. Udalekuen helburu nagusia gaztetxoek eguneroko komunikazioan euskara eskola-eremutik kanpo erabiltzea eta, bizipen ludiko eta gozagarrien bidez, euskararekiko haien atxikimendua handitzea da.
EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko gaztetxoak bilduko dituzte eta 7 eta 10 eguneko bi txanda egongo dira, aukeran, adinaren arabera. Txanda bakoitzean hirurogei gaztetxok hartuko dute parte. Plazen heren bat Euskal Autonomia Erkidegoko gaztetxoentzat izango da, beste heren bat Nafarroakoentzat, eta beste herena Iparraldeko gaztetxoentzat. Plaza kopurua mugatua denez, zozketa bidez esleituko dira.
Lehen egonaldia 9 eta 12 urte bitartekoentzat izango da, zazpi egunekoa, uztailaren 7tik 13ra. Bigarrena, berriz, 13-15 urte bitartekoentzat izango da, eta hamar egunez luzatuko da, uztailaren 15etik 24ra. Bien prezioa 110 eurokoa izango da.
Izen ematea www.ikusika.eus atarian egingo da. EAE eta Nafarroakoek martxoaren 15etik apirilaren 12ra egingo dute, eta Iparraldekoek, aldiz, martxoaren 15etik martxoaren 26ra. Zozketa, berriz, Hegoaldean apirilaren 16an egingo da eta Iparraldean martxoaren 27an. Mezu bidez jasoko dute emaitzaren berri izena eman duten guztiek.
