Zazpi kultur eragileren liburu gomendioak

Zazpi kultur eragileren liburu gomendioak Alaine Agirre eta Leire Vargas idazleek, Itxaso Paya bertsolari eta sortzaileak, Iñigo Gastesi aktoreak, Leo Bueriberi artista eta bakarrizketariak, Ilaski Serrano kazetariak eta Sara Zozaya musikariak beren liburu kutunen berri eman digute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zazpi-kulturgileren-liburu-gomendioak/@@download/image/gure gomendio egileak.png
2024/04/23
Alaine Agirre eta Leire Vargas idazleek, Itxaso Paya bertsolari eta sortzaileak, Iñigo Gastesi aktoreak, Leo Bueriberi artista eta bakarrizketariak, Ilaski Serrano kazetariak eta Sara Zozaya musikariak beren liburu kutunen berri eman digute.
Zazpi kultur eragileren liburu gomendioak

ALAINE AGIRRE

1. Arrain hezur bat eztarrian - Olatz Mitxelena.
Ipuin-liburua "asko" gustatu zaiola aipatu du Agirrek, bai edukiagatik eta baita estiloagatik ere. "Ahots bat dagoela" sentitu du, "munduari begiratzeko begirada berezia edo originala". Liburu gomendatu die errealitatearen eta gizakien geruzak zeharkatu eta sakoneraino sartu nahi duenari", ez baita ur azal gainean pasa nahi duenarentzat". 

2. La seducción - Sara Torres / Lo que hay - Sara Torres
Alaine Agirrek Sara Torresen La Seducción begiz joa duela aipatu du. Izan ere, Torresen aurreko eleberria irakurri zuen, Lo que hay izenekoa, eta "oso-oso interesgarria" iruditu zitzaion hainbat gauzagatik. "Alde batetik, gorputz berean elkarbizitzen ari dira, eta baita elkarrizketan ere, dolua edo amaren heriotzaren asimilazio prozesua eta pasio baten edo maitemin baten hasierako sugarra. Askotan elkarrekin egon ezin daitezkeela iruditzen zaigun bi egoera emozional horien elkarrizketa da", azaldu du. "Zoragarriki" idatzita dagoela nabarmendu du, "oso lirikoa da, oso poetikoa, tarteka filosofia edo pentsamenduaren eraikuntza muga horretan dagoela esango nuke eta niri gustu pila bat eman zidan". 

ITXASO PAYA

1. Kutxidazu bidea, Ixabel - Joxean Sagastizabal
Itxaso Payak eta DBHko klasekideek ozenki irakurri zuten liburua, Mari Jose Txurruka irakasleak hala proposatuta. "Barre asko" egin zutela gogoratzen du algortarrak, umore handia duelako kontakizunak. Antzerkia edo filma ikusia izan arren, liburua "zoragarria" dela aipatu du, "oso kutuna" duela, eta 12-13 urte zituenetik gogoan duela "oso berezia den liburua". "Lehen aldia izan zen, are gehiago nerabezaroaren atarian, euskaraz ondo pasatu nuena. Euskarazko liburu bat irakurtzen barre egin genuen klaseko lagunok, ozen. Eta garai hartan ez genuen gure artean ere euskaraz egiten. Hortaz, oso-oso garrantzitsua izan zen. Aupa Marijo! Zuei gomendatzen dizuet irakurri ez baduzue, eta irakurri baduzue, berriz irakurtzeko", esan du Payak.

2. Aupa Maurizia! - Fredi eta Xabier Paya
Maurizia Aldeiturriaga Zabala panderojolearen inguruko biografia da. "Biografia musikala  da eta bere bizitzaren inguruko anekdotak ere jasotzen ditu", azaldu du bizkaitarrak. "Nola ez da izango nire liburu kutuna, baldin eta Maurizia terriblea bazen. Liburu honetan agertzen dira Mauriziaren inguruko anekdota pila bat, berak kantatutako koplak, argazkiak... Oso-oso liburu interesgarria da, batez ere Maurizia mundiala izan zelako eta denok ezagutu beharko genukeelako, erreferente zoragarria da, eta beste hainbatetan esan dudan bezala, jefa hutsa",  kontatu du. 

IÑIGO GASTESI


1. El abismo del olvido - Paco Roca 
Nobela grafikoa dela jakinarazi du aktore donostiarrak, eta "oso interesgarria eta oso gogorra" dela. Liburua irakurtzean "zerbait berezia" jaso zuela aitortu du. 

2. Alegia 1936-1945 . Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan - Ione Zuloaga Muxika 
Aiton-amonak Alegiakoak dituenez, tokiaren lotura duen liburua gomendatu du Gastesik. Gerra baino lehen, gerratean eta haren ondoren gertatutakoak kontatzen dituela azaldu du, eta "oso interesgarria" dela.

LEIRE VARGAS

1. Alaska - Castillo Suarez
Honela azaldu digu durangar idazleak liburuaren aukeraketa: "Poema-liburu honek paisaia oso baten bidez kontatzen du subjektu poetikoaren mina: izotza, odola, isiltasuna, errepidea... Eta hor bertan kokatuko gaitu, haren barne-mundu ukigarri bilakatuan, doluan zeharreko bidaia haren eskutik egiteko, hizkuntza zorrotz eta irudi originalek lagunduta".

2. Los días hábiles - Carlos Catena Cózar
"Egungo bizimoduaren erretratu gordina egiten dute poema hauek, atzerriko herrialde batean bulegoan zortzi ordu emateko metroan beste bi egin behar dituen gaztearen tristezia azalduz, belaunaldi honen problematikek gutariko askoren aiton-amonek jasandako esplotazio fisikoaren ondoan zer toki duten ulertu guran. Literal ari zaigu gehienetan Catena, eguneroko argazki sinpleen atzeko egiturak agerian uzteko gai den argitasun batez", adierazi du Vargasek.

LEO BUERIBERI

1. Gure heroiak - Axier Lopez 
Elkanoren eta Euskal Herriko kolonialisten historia kontatzen du liburuak. "Alde batetik, oso garrantzitsua iruditzen zait kolonialismoaz hitz egitea Euskal Herrian fokua jarrita, eta, beste aldetik,  Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareko kide naiz eta kolektiboko pare bat emakumek hartu dute parte liburuaren epilogoan", adierazi du Bueriberik.

2. Assata Shakur. Autobiografia bat - Assata Shakur/ Itzultzailea: Danele Sarriugarte
Artista eta bakarrizketariarentzat "kristoren erreferentea" da Assata Shakur eta horregatik aukeratu du liburua. Shakur Pantera Beltzen alderdiko kide egin zen gaztetan, eta gero Askapen Armada Beltzeko (BLA) militante. Atxilotu, torturatu, eta kartzelaratu egin zuten, eta espetxean egon zen harik eta ihes egitea lortu zuen arte. 1984az geroztik Kuban bizi da. 

3. Una red segura. Apego, trauma y no monogamia consensuada (Jatorrizko izenburua: Polysecure. Attachment, Trauma and Non Consensual  Monogamy) - Jessica Fern
Bueriberiren hitzetan, harremanen inguruko hausnarketak dakartza, batez ere apegoaren edo atxikimenduaren inguruan, trauma, eta monogamiatik kanpoko harremanen inguruko gogoeta". 

4. La sociedad no binaria (Jatorrizko izenburua: Life isn't binary. On being both, beyond and in-between)- Meg John Barker eta Alex Iantaffi
Liburu honek gizarteak mundua era binarioan ikusteko duen joerari erreparatzen dio, eta pentsamolde horrek harremanetan, ongizatean, identitatean eta abarretan dituen mugak erakustea du helburu. Gasteiztarrak aipatu duenez, azken bi liburu hauek "oso garrantzitsuak" izaten ari dira bere prozesuetan.

ILASKI SERRANO

Kazetari bizkaitarrak argi utzi nahi izan du "ezinezkoa" dela liburuen artean aukeraketa egitea, "bakoitza berezia izan daitekeelako egoera zehatz batean, adin batean, irakurtzeko gaitasunen arabera, umorez zauden ala ez kontuan izanda…". Irakurtzeak "pentsatzeko, gogoeta egiteko, ikasteko..." balio diola adierazi du.

Askotakori generoak ditu gustuko. Eleberrien zalea izateaz gain, beti ipuin zalea izan dela kontatu digu, eta "Euskal Herrian eta euskaraz ipuin liburuetan aukera oso ona eta zabala dagoela". Azkenaldian biografiak asko irakurtzen dituela aipatu du, eta poesia irakurtzera zaletu dela azken urteotan. Poesian "aukera ona eta zabala" dagoela esan digu, baina Castillo Suarez duela poeta kutuna, eta haren liburu bat gomendatu du.

1. Irautera - Castillo Suarez
"Liburua irakurtzen, sentitzen nuen idazleak idatzitakoa zela une horretan nire barruak behar zuena eta irakurketa horren oso oroitzapen ona daukat", aitortu du Suarezen poema liburuaz. 

2. Basada en hechos reales (Jatorrizko izenburua, D’après une histoire vraie) - Delphine de Vigan 
Azkenaldian lagunei liburu hau oparitzen ari dela kontatu digu, eta guztiek esan diotela "oso ondo" dagoela. Tragikomedia bat da, eta bizitzaren hainbat alderdi jorratzen ditu, hala nola gizaki izatearen miseriak, maitasunaren amaiera, desengainuak, eta denboraren eragina. 

Beste liburu batzuk izendatu gabe ezin geratu, eta irakurtzeko ohitura berreskuratu nahi zuen lagun bati oparitutako Oihane Amantegiren Cayo Hueso nabarmendu du. Oparitu berri dituen eta hartzaileek oso gustuko izan dituzten hauek ere gomendatu nahi izan ditu:  Xabier Mendigurenen Oso latza izan da, Jon Alonsoren Carvalho Euskadin eta Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat . "Egin aukera zuek!", egin du gonbita.

SARA ZOZAYA


1. Maitasun kapitala - Karmele Jaio
Jaioren Aitaren etxea liburua asko gustatu zitzaion musikariari, eta orain Paulek utzi dio irakurtzeko duen liburu hau. Bien liburu-truke asko egiten dituztela azpimarratu du, biei asko gustatzen zaiela eta.

2. La familia - Sara Mesa / Un amor - Sara Mesa
Mesaren bi liburu hauek gomendatu ditu Zozayak. Gainera, solasaldi batean entzun zuela eta gaur egungo gizartea nola irakurtzen duen asko gustatzen zaiola nabarmendu du.